Urtebete da Eider Sampayo eta Maialen Linazasoro dentistak Maieder hortz klinikaren buru jarri zirenetik, Zarauzko Kale Nagusian. Urte askotako esperientzia dute Quiron klinikan eta beste klinika batzuetan egindako lanari esker, eta beren kabuz hasteko grinak bultzatuta eman zuten pausoa. Adituak dira aho-errehabilitazio integralean, endodontzian eta aho-aurpegiko minean zein artikulazio temporo-mandibularrean.
Erradiografiak hiru dimentsiotan ikusteko eskanerra jarri berri dute klinikan, aurrerapen teknologikoetan eta etengabeko formazioan sinisten baitute, pertsona bakoitzari behar duen arreta eta tratamendu onena eskaintzeko.
Eskanerra jarri berri duzue Maieder hortz klinikan. Zertarako balio du?
Eskanerra jarri dugu, gure diagnostikoa hobetzeko eta informazio gehiago lortzeko. Makina horrek erradiografiak hiru dimentsiotan egiten ditu, eta balio du zirujiak ondo planifikatzeko, lesioak ikusteko nahiz artikulazioak nola dauden ikusteko. Endodontziarako ere oso erabilgarria da. Sekulako abantaila eta segurtasuna ematen digu planifikatzeko eta tratatzeko orduan.
Hortz klinika guztiek ez dute izaten halako makinarik, ezta?
Ez. Gu Quironen ibili gara lanean azken urteotan, eta han aparatologia nahiko berriarekin lan egitera ohituta geunden. Orain, gure proiektu propioan, gure helburua da formatzen jarraitzea eta eskaintzea oso eguneratuta dagoen odontologia zerbitzua, ez dena izango oso inbasibo edo agresiboa. Gure filosofia da naturaltasuna eskaintzea, odontologia tradizionaletik aterata. Horretan asko laguntzen dute gaur egungo aparatu berriek, aurreratuagoak eta zehatzagoak direlako. Garai batean dena zen enpasteak egitea eta hortzak kentzea, eta gaur egun, helburua da hortza mantentzea eta, batez ere, ondo aztertzea pazientearen egoera eta beharrak. Prebentzioan jartzen da arreta gehiago gaur egun.
Laserra ere baduzue hortz klinikan.
Bai. Hainbat aplikazio ditu, eta bere abantailetako bat da asko murrizten dela postoperatorioa. Inflamazio gutxiago sortzen du, pazienteak min gutxiago sentitzen du, eta hemorragia gutxiago ateratzen da laserrarekin egiten diren ebakuntzetan. Herpesak eta edozein lesio sendatzeko ere baliogarria da, eta entzietako tratamenduetan, esaterako, laserra aplikatuta desinfekzio altuagoa lortzen da.
Aho eta aurpegiko minean espezializatuta dagoen Gipuzkoan klinika bakarrenetakoa da Maieder. Zer da hori zehazki?
Gipuzkoa mailan ez dago aditu asko. Bakarrenetakoak gara, bai. Min askok ez daukate zerikusirik hortzekin, baina hortzetan edo aurpegian nabaritzen da min hori. Sarritan, pazienteak espezialista batetik bestera ibiltzen dira diagnostiko egoki bila, eta askotan, diagnostiko horren faltan, behar ez duten tratamendua jasotzen dute. Beraz, oso garrantzitsua da min horren ezaugarriak ezagutzea, diagnostiko egokia egiteko. Eskanerrak horretarako ere balio du, hortzen inguruko estruktura guztia ikusteko, alegia. Minaren jatorria ez bada hortzetakoa, beste arloetako espezialisten sare handia dugu aurretik egindako ibilbideari esker, eta badakigu pazientea nora bideratu. Kasu konplexu asko ikusteko aukera izan genuen Quironen, kirofanoko lanak ere egiten direlako. Bertan ezagutu genuen elkar, eta han hartutako esperientzia baliatuta, herri mailako odontologia egiteko pausoa eman dugu. Gure ekipoa osatzen dute Maria Eizagirre ortodontzistak eta Mikel Iraundegi zirujauak.
Behar bereziak dituzten pertsonekin ere baduzue esperientzia.
Bai, hainbat eta hainbat behar dituzten pertsonekin lan egitera ohituta gaude. Pandemia garaian ezin izan dute zerbitzurik jaso, horrek kaltetu egin du beren osasuna, eta guk adierazi nahi diegu lasai etor daitezkela guregana.
Prebentzioa aipatu duzue. Garrantzitsua izango da haurrak txikitatik dentistarengana joatea.
Bai. Inportantea da 3 urtetik aurrera umetxoak gertutatsuna sentitzen hastea klinikarekin, eta baita beti izan dugun fama txar hori kentzea ere. Dena dela, garai batetik aldaketa ikusten dugu, gaur egun umeak nahiko gustura etortzen direlako eta konturatzen direlako hortzak ondo garbitzen badituzte arazoak izateko arriskua murrizten dela. Hori da gure lan egiteko modua: dena ondo planifikatu eta gauzak txukun egin, material onak erabilita, garantia eskainita, eta pazienteari jarraipena eginda.