Jose Ignacio Iruretagoiena oroitu du Euskadiko PPk Arrosategi parkean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urtarrilaren 9a

Gaurko egunez duela 25 urte hil zuen ETAk zinegotzi zarauztarra eta lore-eskaintza egin diote dozena bat alderdikideek. Carlos Iturgaiz Euskadiko popularren presidentea izan da ekitaldiaren buru eta Pedro Sanchez Espainiako presidentearen aurka egiteko baliatu du agerraldia.

Mende laurdena bete da ETAk Jose Ignacio Iruretagoiena Zarauzko Udaleko zinegotzi popularra zena hil zuenetik. Data seinalatua baliatuta hainbat ekitaldi egingo dituzte gaur Iruretagoiena gogoratzeko eta alderdikideek goizean egin diotena izan da lehenengoa. Hala, Euskadiko PPko dozena bat ordezkari bildu dira Arrosategi parkean egin duten lore eskaintzan eta minutuko isilunea ere gorde dute haren omenez.

Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko buruak gidatu du ekitaldia eta Espainiako gobernuaren aurka egin du bertaratu diren hedabideen aurrean. Muriel Larrea Gipuzkoako PPko presidenteak ere hartu du hitza omenaldian eta gogoratu du "bere denbora librean zarauztarrei tarte bat eskaini nahi izan zien langilea" zela Iruretagoiena.

"PPko zinegotzi gisa hautatua izateak ekarri zuen bere hilketa, bere ideiak eta egiteko modua partekatzen ez zituztenen aldetik", gaineratu du Larreak. Horrekin batera, familiari eragindako mina deitoratu du, "seme txikienari, bereziki, ezin izan duelako aitaren oroitzapenik izan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide