Monte Albertiak 60. urtebetetzea ospatu du

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abenduaren 16a

Lanbide Heziketa Zentroak jaio zenetik gaur arte izan duen ibilbidearen errepasoa egin dute agintariek eta umorerako tarterik ere izan da.

Urtebetetze festa berezia izan du gaur Monte Albertia Irudi Pertsonaleko erdi eta goi mailako Lanbide Heziketa Zentroak; izan ere, 60 urte pasatu dira jada 1962an inauguratu zutenetik. Urte horietan guztietan gorabehera ugari izan ditu ikastetxeak eta Nora Amorena egungo zuzendaria arduratu da garapenaren errepasoa egiteaz. Hala, Amorenak azaldu du, besteak beste, ile-apainketa eskolak soilik ematetik, gaur egun dituzten zortzi zikloak eskaintzera igaro direla.

Hain justu, ziklo berri bat abiatu zuten iaz: Irudi pertsonalaren eta korporatiboaren aholkularitza goi-mailako zikloa, eta Ekitaldien protokoloa eta antolaketa ikasgaiko ikasleak izan dira ospakizun ekitaldiaren antolaketaz arduratu direnak. Gauzak horrela, ikasle bat aritu da aurkezle lanetan eta banan banan deitu ditu oholtzara agintariak eta ekitaldia girotu duten artista guztiak.

Amorena zuzendariari izan da hitza hartu duen lehenengoa eta haren atzetik etorri dira, Nicolas Sagarzazu Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Antolamendu eta Plangintza zuzendaria eta Xabier Txurruka Zarauzko alkatea. Hauen hitzaldiaren ondoren, bestelako tenorea hartu du ekitaldiak, izan ere, Joxin Iturriotz Lan eta Prestakuntza Orientabideak ikasgaiko irakasleak bi bertso abestu ditu eta ondoren, Bocabeats Comedia antzerki konpainia bizkaitarrak umorezko ikuskizuna eskaini du. Amaitzeko, mokadutxo bat jateko aukera izan dute bertaratuek, pintxoak prestatu baitituzte antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide