Halterofilia profesionaletik kanpo emaitza bikainak lortu dituen Zarautza Kirol Elkarteko altxatzailea da Jaizki Mendizabal (Zarautz, 1977). Master mailan lehiatzen du gaur egun, 35 urtetik gorakoen mailan –73 kilo azpiko M45 kategorian, zehazki–, eta horra iritsi arteko maila guztiak igaro ditu bata bestearen atzetik. 15 urte zituela jokatu zuen bere lehen txapelketa, duela 30 urte izan zen Zarautzen, eta ondo gogoan du egun hura: "1992ko uztailaren 4a zen, Frantziako Tourra Donostiatik atera zen eguna".
Hiru hamarkadatako bide horretan, emaitza apartak erdietsi ditu altxatzaile zarauztarrak halterofilia amateurrean; tartean, aurten irabazi duen Europako Txapelketa. Mundukoan ere lehiatu da hirutan, eta Orlandotik (AEB) bueltan behar zukeen egunotan laugarren aldiz jokatu ondoren. Berak hala erabakita, ordea, aurtengoan nahiago izan du parte ez hartu. Azaldu duenez, ez dago bere sasoirik onenean: sorbaldako minez dabil eta aspaldian ezin izan du behar bezala entrenatu. Gauzak horrela, bere onena emateko gai ez zenez, etxean geratu da. Gainera, bidaia bera ere "oso garestia" da.
Edonola ere, lortu du kentzea lehiatzearen arantzatxoa. Orlandon Munduko Txapelketa hasi berria zen bitartean, abenduko lehen asteburuan, Gipuzkoako Taldekako Txapelketa jokatu zuen herrian bertan. Hasiera batean, txapelketa horretan ere ez zuen parte hartu behar, baina azken orduan hutsune bat betetzera animatu zen. Bere esanetan, «taldea laguntzeko». Hala ere, adierazi du ez zela ehuneko ehunean aritu, baina bere marka onenetatik gertu ibili zen 187 kilo jasota; 85 kilo abiadako proban eta 102 kilo bi denborakoan.
Abuztuan irabazi zuen Europako Txapelketan antzeman zuen jada sorbalda minduta. Hala eta guztiz ere, Espainiako marka hausteko gai izan zen bere kategorian bi denborako proban, 111 kilo jasota. Altxaldi horri esker lortu zuen garaipena, hain justu ere. Sekulako ez ustekoa kirolariak berak aitortu duenez: «Nire lehen Europako Txapelketa zen arren, aurreko urteetako erreferentziak nituen, eta horiek aintzat hartuta, banekien podiumera igotzeko moduan nengoela eta garaipena ere gertu izan nezakeela. Ondorioz, irabazteko helburuarekin joan ginen eta estrategia izan zen abiadako proban aldea ateratzea aurkariei. Hori da nire indargune nagusia eta bi denborakoan ematen zidan minik handiena sorbaldak, gainera. Gure sorpresarako, ordea, aurreko urteetako irabazleak aurre hartu zigun altxaldi hobea eginez. Beraz, horri buelta emateko gai izatea eta txapelketa irabaztea are sorpresa handiagoa izan zen».
Txapelketak pandemian
Ohorezko postu gehiago ere lortu ditu Mendizabalek nazioartean. Munduko laugarren geratu zen 2019an Montrealen (Kanada) eta seigarren iaz. Berezia izan zen azken hori, Aritzbatalde kiroldegiko halterofilia aretoan jokatu baitzuen online.
Zentzu horretan, egungo Europako Txapeldunak dio pandemiara hobekien egokitu den kiroletako bat dela halterofilia: «Kirolaria bakarrik dagoenez, segurtasun tartea arazorik gabe bete zezakeen. Horrez gain, barrak eta diskoak ofizialak direnez, aski da kamera eta Interneteko konexio ona izatearekin. Azken hori bereziki garrantzitsua da, izan ere, epaileek hainbatetan baliogabetu zituzten altxaldiak konexioa galtzearen ondorioz».
Kirolaria baino gehiago
Hasiberrien entrenatzaile ere aritzen da Mendizabal. Hiru talde zuzentzen ditu denera: LHko haurrak, DBHko gaztetxoak eta bere adin inguruko taldetxo bat. Txikienekin psikomotrizitate ariketak lantzen ditu pisurik erabili gabe, zertxobait nagusiagoak direnekin teknika barneratzeko ariketak egiten ditu eta animatu zaizkion nagusienei, berriz, urteekin gogortu egin zaien gorputza askatzen laguntzen die.
Hori gutxi balitz, Gipuzkoako Federazioko presidentea ere bada, 2016az geroztik, eta Euskadiko Federazioko zuzendaritza batzordeko kide. Beraz, halterofiliarekiko zaletasuna baino, konpromiso irmoa du. Ez dirudi lehiatzeari epe laburrean utziko dionik, ezta beste batzuei erakusteari ere.
Bakarkako kirolaren «malgutasuna»
Lagunei segika animatu zen pisua jasotzera, baina etxetik ere badatorkio halterofiliarako zaletasuna. Gidari izan zituen lagunak ez bezala, Mendizabalek lehiatzen jarraitzen du. «Taldekako txapelketak badauden arren, bakarka egiten den kirola da halterofilia. Ondorioz, entrenatu ahal izateko ez duzu inoren zain egon beharrik eta inork ez zaitu zu itxaron behar. Horrek malgutasun handiagoa ematen dizu, edozein arrazoi dela medio entrenatu ezin baduzu, beste tarteren bat aurkitu baitezakezu horretarako. Noski, urteekin lortzen da askatasun hori, hasiberria zarenean entrenatzailearen jarraipena beharrezkoa baita ariketak ondo egiten dituzula ziurtatzeko, bestela min har dezakezu», zehaztu du.