Euskara arnas

Erronkari heltzeko ilusioz

Aritz Mutiozabal 2022ko abe. 1a, 10:00

Euskara Harrera Ikastaroko hainbat ikasle Zarauzko Udal Euskaltegian; tartean daude William Ramos eta Diana Castro. (Argazkia: Aritz Mutiozabal)

Beste herrialde batzuetatik Zarautzera joan berriak direnei zuzendutako Euskara Harrera Ikastaroak eskaintzen dituzte. Aurtengo ikasturtean hogei bizilagunek eman dute izena.

Zarauzko Udaleko Immigrazio eta Kultur Aniztasun zerbitzuak Euskara Harrera Ikastaroak eskaintzen ari da beste ikasturte batez, Euskara departamentuaren laguntzarekin. Beste herrialdeetatik etorri berriak diren bizilagunentzat pentsatuta dagoen  "lurreratze ikastaroa" da. Euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeaz gain, herriko baliabide eta zerbitzuen berri ere jasotzen dute: lan arloko eskubideak, atzerritartasuna, zaborrak birziklatzeko sistema, natura ondarea, emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna, genero indarkeria eta abar. Izatez, euskara ikastaro bat da, baina Zarauzkoak duen berezitasuna da harrerako edukiak ere eskaintzen dituela.

Guztira, 68 ordukoa da ikastaroa, eta hiru hilabete inguru irauten du: 60 ordu dira euskarari eskainitakoak, eta gainerako zortzi orduetan profesional ezberdinek hartzen dute parte herriko baliabideen berri emanez, ordu erdiko saioetan. Astean hiru egunetan izaten dituzte klaseak Zarauzko Udal Euskaltegian, eta saio bakoitzean bi orduz aritzen dira buru-belarri.


"Oso oinarrizkoak"

"Erritmoa oso mantsoa izaten da; batetik, bertaratu ahal izatea ere kostatu egiten zaie, lanean ari den jendea delako, eta bestetik, hizkuntza berri baten aurrean daudelako", jakinarazi du Arantxa Iturriak. Bera hainbat urtez aritu da herriko bizilagun berriei euskara irakasten Euskara Harrera Ikastaroan, eta eskarmentutik hitz egiten du: "Ikastaroak oso oinarrizkoak dira, baina hobe da lau gauza ondo ikastea ur handitan sartu baino. Bestela ito egiten dira. Orduan, xalo-xalo joan behar da, eta errepikapenak oinarri-oinarrizkoa izan behar du hizkuntza barneratzeko garaian". Iturriak dio beti saiatzen zela ikasleak animatzen: "Zuek joan entzuten, eta erabili eguneroko adierak: egun on, arratsalde on, eskerrik asko... Beren burua ere arraro ikusten dute, euskara erabiltzeko baimenik gabe".

Aurten, hogei lagunek eman dute izena ikastaroan eta gehienak latinoamerikarrak dira; beste urte batzuetan marokoarrak eta senegaldarrak ere izan dira ikasleak. William Ramos guatemalarra eta Diana Castro nikaraguarra dira aurtengo ikasleetako bi. Euskararekin trebatzen hasiberriak dira, eta ikasteko prestutasun handia izan arren, aitortu dute lehen hartu emana ez dela erraza izaten ari.

"Udalera joan nintzen eta ikastaroa egitea proposatu zidaten. Aurretik baneukan euskara ikasteko ideia buruan, jakin banekielako Zarautzen hitz egiten den hizkuntza dela. Zerbait berria ikasteko gertu nago, interesgarria eta, gainera, berezia delako. Izan ere, Euskal Herria ez den beste herrialdeetan ez da hitz egiten. Beraz, erronkari heltzea erabaki dut", azpimarratu du Castrok. Ikastaroa hasita zegoela gehitu zen taldera, eta horrek segurtasun eza eman zion hasieran, baina apurka-apurka zalantzak uxatzen doala dio.

Ramosek, berriz, egunkariari esker jakin zuen ikastaroaren berri. "Euskara ikasten aritu zen nire herrikide bati eginiko elkarrizketa ikusi nuen, eta animatu egin naiz. Egia esan, iaz ere izena eman nuen, baina momentuko zirkunstantziak zirela-eta ezin izan nuen egin. Orain, ordea, berrartzea erabaki dut, eta ikastaroa bukatzea espero dut. Azken finean, Zarautzera bizitzera etorri gara, eta bertako hizkuntza ikasita, lan munduko atea zabaltzen lagunduko digu euskarak", zehaztu du guatemalarrak.


Hasieran, "deskolokatuta"

Iturria irakasleak dio kanpotik Zarautzera bizitzera joandako askok ez dakitela euskara existitzen denik, "haiek Espainiara baitatoz". Denbora pixka bat daramatenean Zarautzen, beren lanetan –gehienak ostalaritzan edo zaharren zaintzan aritzen direnez–  ohartzen dira beste hizkuntza bat dagoela: euskara. "Etorri berritan deskolokatuta harrapatzen ditu gehienak. Tartean, baina, euskal jatorrikoak ere izaten dira, gutxi batzuk, eta horiek hemengo berri badute, aurretik beraien herrialdeko Euskal Etxearekin harremana zutelako edo".

Hizkuntzarekin uste okerra zuen hasiera batean Castrok. Zarautzen gaztelania lehenetsiko zela uste zuen. "Baina kuriosoa egin zait nola identifikatzen den bertako jendea euskararekin. Euskaldunentzat euskara beren kulturaren parte da, beraien baitan oso errotuta dagoena. Edozein tokitara zoazela, haurrak eta gazteak euskaraz entzuten dituzu", azaldu du liluratuta. Bertako jendeak hitz solteak euskaraz egiten dizkietela ere azaldu du, eta hori aberasgarria dela dio nikaraguarrak, hartara entzumena lantzeko eta hizkuntzarekin sentsibilizatzeko baliagarria zaio: "Asko estimulatzen eta animatzen gaituzte entzutera eta hitz egitera, eta hori polita da".

Aurreiritzi askorekin iristen dira Euskara Harrera Ikastarora: euskara ikastea zaila da etiketarekin. "Baina hori guztia entzuten dutena da. Pentsamendu horri buelta ematea ez da erraza, baina nik esaten nien beti: utzi zaila den kontu hori albo batera, eta jarri arreta, hasi kartelak irakurtzen eta joango zarete apurka ikasten", esaten zien ikasleei Iturriak beldurrak uxatzeko. "Gainera, zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gogo gehiago pizten zaie ikasteko". Batzuetan bigarren zati bat izan ohi du ikastaroak; euskara ikasten jarraitzeko asmoa duen jendea baldin badago, udaletik aukera baloratu egiten dute, eta urte osora zabaltzen dute ikastaroa.

Oraingoz hasiberriak dira, eta oinarrizko euskara lantzen ari dira. Ramosek esan du euskaraz hitz batzuk bazekizkiela klaseetan hasi aurretik, baina berri batzuk barneratzea kostatzen ari zaiola: "Ahoskatzea nekeza egiten ari zait, adibidez. Nolanahi ere, hasi baino ez gara egin, eta erritmo txukuna hartu diogu guztiok. Bide onetik goaz, nahiz eta erabat hitz egiteko gai ez garen. Baina ikasten goazen heinean, eta gure hiztegia zabaltzen joan ahala, moldatzeko gai izango gara".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide