Txokolate beroa hartuz elkartasuna bultzatzeko hitzordua dago igandean Zarautzen

Aritz Mutiozabal 2022ko azaroaren 26a

Hotz Zarautz elkarteak antolatu du VII. Txokolatada Solidarioa biharko. Gabonetako elkartasun azokarako bilketa ere hasi du elkarteak aste honetan; herritarrek eramandako orotariko objektuak jasoko ditu Patxiku kaleko lokalean.

Pertsona errefuxiatuen aldeko VII. Txokolatada Solidarioa antolatu du Hotz Zarautz elkarteak bihar arratsalderako. Txokolate beroa eta txurroak eskainiko dituzte lau euroan, 17:30etik 19:30era, La Perla kafetegian.

Era berean, asteartean hasi zen materiala biltzen bigarren eskuko produktuen Gabonetako VI. Azoka Solidariorako. Horregatik, dei egin die herritarrei erabiltzen ez dituzten eta egoera onean dauden ondasunak Patxiku kaleko 5. zenbakira (Milar Visson denda zegoen tokia) eraman ditzaten. Orotariko objektuak onartzen dituzte, liburuak salbu.

Elkartasun azokan bildutako dirua pertsona errefuxiatuak laguntzeko baliatuko dute, eta produktuak eman nahi dituzten herritarrek astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara eraman ahalko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide