Joxe Mari Korta sariak jasoko dituzte Maritxu Errazkinek eta Ana Belen Juaristik

Julene Frantzesena 2022ko urriaren 31

Maritxu Errazkin Aldalur Anaiak autobus enpresaren sortzaile azkoitiarrak eta Ana Belen Juaristi Engranajes Juaristi enpresaren zuzendari kudeatzaile zarauztarrak sari bana jasoko dute azaroaren 22an Gasteizen egingo den ekitaldian. Eusko Jaurlaritzak banatzen ditu sariok.

Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi ditu aurtengo Joxe Mari Korta sarien garaileen izenak. Aurtengoan lau sari banatuko ditu erakundeak, eta horietako bi eskualdeko emakume banak jasoko dituzte: Maritxu Errazkin Aldalur Anaiak autobus enpresaren sortzaile azkoitiarrak eta Ana Belen Juaristi Engranajes Juaristi enpresaren zuzendari kudeatzaile zarauztarrak. Gainerako bi sariak, berriz, Gonzalo Anton Izadi upategiaren sortzailearentzat eta Faes Farmaren presidente Mariano Ucarrentzat izango dira.

Autobuseko gidabaimena atera zuen eta horiek gidatzen aritu zen Gipuzkoako lehen emakumea izan zen Errazkin. Roque Aldalur senarrarekin batera Alfa Romeo etxeko bi furgoneta erosi eta familia enpresa eratu zuen. Gaur egun martxan da enpresa, eta han lan egiten duten hamahiru lagunetatik sei enpresaren sortzaileen seme-alabak dira. Gaur egun, hemezortzi autobus ditu Azkoitiko Aldalurrek, eta sarien epaimahaiak adierazi duenez, enpresak jakin du "garapen teknologikoen abangoardian" egoten. Errazkinek eta Aldalurrek garraioaren merezimendu domina jaso zuten 1995ean, Fenebusen eskutik.

Juaristi, berriz, administrazio lanetan hasi zen Engranajes Juaristi enpresan, eta handik hamahiru urtera, zuzendari kudeatzaile postua hartu zuen; gaur egun ere horretan aritzen da. Juaristik enpresa munduarekin izan duen konpromisoa nabarmendu du Joxe Mari Korta sarien epaimahaiak; izan ere, 2000. urtean Gipuzkoako Bazkundeko batzordean sartu zen, 2008tik 2015era Adegiko eta Cofebaskeko presidenteordea izan zen, eta gainera, irabazi asmorik gabeko Ori-Zautz Rwandaren alde elkarteko presidente, Emausen gizarte kontseiluko kide eta ZarautzOn batzordeko kide izana da. Gaur egun, Emauseko gizarte kontseiluko kidea da, eta Aubixa fundazioaren presidenteordea ere bai. Juaristik Gipuzkoako Emakume Enpresaburuaren saria jaso zuen 2016an.

Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapia buru zuen epaimahaiak saritutako pertsonek lanpostuak eta aberastasuna sortzeko gaitasuna izan dituztela azpimarratu du, baita haien "ezaugarriak" eta horiek eginiko "esfortzua" ere. Bizitzako edo enpresa ibilbidean nabarmendutako enpresaburuei ematen dizkiete sari horiek 2000. urteaz geroztik, ETAk Adegiko presidente zen Korta hil zuenetik. Azaroaren 22an izango da sari banaketa ekitaldia Gasteizen, eta ekitaldiaren buru Iñigo Urkullu lehendakaria izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide