Herenegun arratsean banatu zituzten Amasa-Villabonan (Gipuzkoa) Arnasetik bideosormen lehiaketaren sariak, eta horietako bi eskualdeko ikasleentzat izan dira.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema), Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bultzatutako Arnasa Gara egitasmoaren barruan antolatu dute lehiaketa, euskararen arnasguneetako gaztetxoen euskarazko sormena lantzeko eta arnasgune horietako nerabeei hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragiteko helburuarekin. Arnasgune diren udalerrietako 10 eta 16 urte arteko gaztetxoek izan dute lehiaketan parte hartzeko aukera, adinaren araberako hiru kategoriatan banatuta. Guztira, 99 sormen lan aurkeztu dituzte lehiaketara, horietatik hamabi –kategoria bakoitzeko lau– hautatu zituen epaimahaiak finalerako, eta lau sari banatu zituzten joan den ostiraleko ekitaldian: lehiaketako hiru kategoria edo maila bakoitzeko sari bat, eta ikusleen saria.
Eskualdeko ikasleek egindako bost lan zeuden hamabi finalisten artean, eta birentzat egon da saria: Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Uhaitza ikasle taldearen Pasabideko kontuek bideoa saritu dute LH 5 eta 6koen mailan, eta Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolakoen Sormen tailerra 2 lana, berriz, DBH 3 eta 4koen kategorian. Saridun guztiek sari bera jaso dute Arnasetik lehiaketan: 500 euro, Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITBko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko.
Hau da Azpeitiko ikasleen lan saritua:
Eta, hau, Zarauzko ikasleena: