Aldaketekin dator Zarauzko Bikote Mistoen 43. Lasterketa

Onintza Lete Arrieta 2022ko urr. 29a, 11:35

Batetik, aurtengo krosa Zarautz Kirol Elkarteko errugbi sailak antolatuko du, eta bestetik, herrian martxan diren obrengatik ibilbidean hainbat aldaketa egin behar izan dute. Hala, probako kartela eta ibilbidea erakutsi zituzten atzo arratsaldean Leire Arana Kirol zinegotziak eta Zarautz Rugby Taldeko kideek.

Aurreko astean iragarri zuten abenduaren 4an jokatuko dela Bikote Mistoen 43. Lasterketa, eta atzo xehetasun gehiago eman zuten Leire Arana Kirol zinegotziak eta Zarautz Rubgy Taldeko kideek. Izan ere, azken horiek antolatuko dute proba aurtengoan. "Orain arte Txumai arduratzen zen, baina hark erretiroa hartu du, eta lasterketarekin jarraitu nahi genuenez, geuk hartu dugu ardura", azaldu zuen Daniel Higon errugbi taldeko presidenteak. 

Ardura hartu, eta baita helburuak jarri ere: "Gure asmoa da 1.000 bikotek parte hartzea. Orain arte, bikote gehien 2o13an izan ziren, eta ez ziren 700 bikotera iritsi", azaldu zuen. Helburua pixkanaka lortuko dutela ere esan zuen, alegia, ez dutela espero aurten kopuru horretara iristerik.

Dena den, helmuga Musika Plazatik udaletxe plazara lekualdatu dute, ez dadin toki faltarik egon.

Leire Arana Kirol zinegotzia pozik agertu zen lasterketa antolatzen jarraituko duelako Zarautz Kirol Elkarteak, eta baita errugbi taldeak agertutako prestutasunagatik ere.

Kilometro berak, ibilbide desberdina

Probaren ezaugarriak mantendu egin nahi izan dituzte, 7,5 kilometroko distantzia, esaterako, "proba herrikoia delako eta nahi dugulako herritar denek izatea lasterketan parte hartzeko aukera".

Ibilbidea, berriz, aldatu beste erremediorik ez dute izan, herrian obra asko daudelako martxan. Irteera ohiko tokian izango da, Aritzbatalde kiroldegi kanpoan, eta amaiera, berriz, udaletxe aurreko plazan.

Helduek bi itzuli eta erdi emango dizkiote herriari. Aurreneko itzulia honakoda da: kiroldegia-Zelai Ondo-Trenbide azpiko pasagunea-Gipuzkoa kalea (ezkerretara)-Kale Nagusia-Musika Plaza (kioskoari buelta)-Ipar kalea-Santa Marina kalea-Herrikobarra kalea-Paxo pasabidea-Santa Klara kalea-Urdaneta kalea-Araba kalea.

Bigarren itzulia, honakoa: Zelai ondo kalea-Trenbide azpiko pasagunea-Gipuzkoa kalea (eskuinera)-San Pelaio ermita-Bertsolari plaza (Oteizaren eskulturari buelta)-Gipuzkoa kalea-Kale Nagusia-Musika Plaza (kioskoari buelta)-Ipar kalea-Santa Marina kalea-Herrikobarra kalea-Paxo pasabidea-Santa Klara kalea-Urdaneta kalea-Araba kalea.

Hirugarrena eta motzena, honakoa: Zelai ondo kalea-Trenbide azpiko pasagunea-Gipuzkoa kalea (ezkerrera)-Kale Nagusia-Musika Plaza (kioskoari buelta)-Zigordia kalea-helmuga, udaletxe aurrean.

Hau da ibilbidearen mapa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide