Azken urteotan hainbat antropologok eta idazlek egindako ikerketen arabera, Euskal Herrian Gau Beltza ospatzeko ohitura bazen garai batean, eta Aiako, Getariako, Orioko eta Zarauzko zenbait eragilek, jaia berreskuratzeko asmoz, hainbat ekitaldi antolatu dituzte urriaren 31rako, datorren astelehenerako.
Zarauzko Jalgi dantza taldeak ohar bidez azaldu duenez, "Gau Beltzak neguko festen zikloari hasiera ematen dio: badator negua, lurra lokartzeko garaia. Ziklo hori Santa Agedan amaitzen da, makilen hotsarekin berriz lurra esnatuz".
Hala, hiru ezaugarri nagusi ditu Euskal Herriko Gau Beltzak: "Batetik, etxetik hartutako edoizen trapu edo jantzi zaharrekin mozorrotu daiteke, beti ere aurpegia estalita; bestetik, kalabazak hustu, aurpegi itxura eman eta kaleko bide bazterretan jartzen dira, eta etxez etxeko eskea ere egiten da, neguko zikloko festa guztietan bezala", azaldu dute.
Atzerritik iritsitako Halloween jaiak bertakoa ordezkatu ez dezan, azken urteetan zabaldu diren erdarazko trick or treat edo truco o trato esapideen ordez, euskaraz tradizio luzea dutenei eusteko deia egin du Zarauzko Jalgi dantza taldeak: Xanduli manduli kirrikiki, eman jatekoa guri.
Zarautzen Jalgi dantza taldeak antolatu du Gau Beltza, eta herriko familiei eskaera egin die kalabazei aurpegi itxura eman eta eraman ditzatela urriaren 31n, 18:00etatik aurrera, Lege Zaharren Enparantzara, kalabazaz betetzeko. Kalabazak nola husten diren erakusten duen bideoa ere ikusgai jarri dute Youtuben.
GAU BELTZA
Urriak 31, astelehena
Aia. 18:00etan hasita, ibilbide misteriotsua eta beldurrak erretzeko dantzaldia egingo dituzte herriko plazan, eta jan-edana ere izango da. Eguraldi txarra egiten badu, frontoian izango da.
Getaria. Gau Beltza dantzan ospatuko dute, Gure Txeruk antolatuta. 19:00etan, mozorrotuta bilduko dira plazan.
Orio. 18:30ean bilduko dira haurak Herriko Plazan, eta tailerrak egingo dituzte Txurrumuskiren eta Orioko Herri Ikastolaren eskutik. Gaztaina-jana ere izango da.
Zarautz. 19:00etan Musika Eskolatik abiatuta, hiru ordu laurdeneko kalejira egingo dute; ondoren, antzerkia eta dantza uztartuko dituen emanaldia izango da Lege Zaharren Enparantzan. Jalgiko eta Alprojako kideek parte hartuko dute.