Eskualdeko ikasleen bost lan, Arnasetik bideosormen lehiaketaren hamabi finalisten artean

Mailo Oiarzabal 2022ko urriaren 25a

Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Arnasa Gara egitasmoaren barruan antolatu duten lehiaketaren sariak ostiralean banatuko dituzte Amasa-Villabonan. Euskararen arnasgune diren herrietako 10 eta 16 urte arteko ikasleek hartu dute parte, hiru mailatan banatuta. Zarauzko Salbatore Mitxelenakoen bi lan, Azpeitiko Ikasberrikoen eta Karmelo Etxegaraikoen lan bana, eta Errezilgo eskolakoen beste bat daude sariak irabazteko hautagaien artean.

Ostiralean, urriaren 28an, banatuko dituzte Arnasetik bideosormen lehiaketaren sariak Amasa-Villabonan (Gipuzkoa), eta Urola Kostako ikasleen bost lan daude lehiaketako hamabi finalisten artean: Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolakoen bi lan, Azpeitiko Ikastola Ikasberrikoen eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraikoen lan bana, eta Errezilgo eskolakoen beste bat, hain zuzen. Gurea antzokian izango da sari banaketa ekitaldia, 18:00etan hasita; "sorpresa ugari" iragarri dituzte ekitaldiaren antolatzaileek, tartean, Sara Alonso musikariaren emanaldia.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema), Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak sustatutako Arnasa Gara egitasmoaren barruan antolatu dute lehiaketa, euskararen arnasgune diren udalerrietako gaztetxoek hizkuntza ohituren gainean hausnartuz beren sormena landu dezaten. Antolatzaileak gustura daude, lehiaketa berriak "erantzun aparta" izan duela iritzita. "Guztira 99 lan aurkeztu dituzte euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako 10 eta 16 urte bitarteko ehunka gaztek", azaldu dute.

Adinaren araberako hiru mailatan lehiatu dira ikasleak –LH 5 eta 6koen maila, DBH 1 eta 2koena, eta DBH 3 eta 4koena–, eta maila bakoitzeko ikasleek aurrez ezarritako irizpide edota oinarri batzuk jarraitu behar izan dituzten beren sormen lanak osatzeko. Urriaren 5ean bukatu zen lanak lehiaketara aurkezteko epea. Maila bakoitzean izendatu dituzten lau finalistak zeintzuk diren jakinarazi dute orain antolatzaileek, eta hiru kategorietan daude sariak lortzeko hautagaien artean eskualdeko ikastetxeetako ikasleen lanak. Zaharrenetatik gazteenetara, DBH 3 eta 4koen mailan lehiaketara aurkeztu diren zazpi lanetatik lau finalisten artean daude Zarauzko Salbatore Mitxelenakoen Sormen tailerra eta Sormen tailerra 2; DBH 1 eta 2koen mailan, berriz, 52 sormen lan aurkeztu dituzte lehiara, eta lau finalisten artean dago Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleen Erromako zubiye-xe; eta gaztetxoenen mailan, LH 5 eta 6koen kategorian, lehiaketara aurkeztu diren 40 lanetatik finalerako aurkeratu dituzten lauren artean daude Errezilgo eskolakoen Errezildik Azpeitira eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraikoen Pasabideko kontuek.

2.000 euro banatuko ditu saritan Arnasetik lehiaketak. Kategoria bakoitzeko lan onenari eta publikoaren sariaren irabazleari 500 euroko sari bana emango diete, eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITBko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide