Francisco Eskudero Akordeoirako Nazioarteko Konposizio Lehiaketako sariak banatuko dituzte bihar arratsaldean Modelo aretoan. Denera, 70 lan aurkeztu dituzte aurtengo lehiaketara, eta azpimarratzekoa da konpositoreen jatorri aniztasuna: zehazki, 34 lurralde ezberdinetako sortzaileak aurkeztu dira. Hauspoz Euskal Akordeoi Elkarteak azpimarratu duenez, "inoiz baino parte hartze handiagoa" izan da azken bi edizioetan.
Mayi Tolosak gidatuko du biharko sari banaketa, eta 20:00etan hasiko da. Bertaratzen direnek bi piezaren estreinaldiak entzun ahal izango dituzte: lehiaketa honen 10. edizioan bigarren saria jaso zuen Figura III, Daniel Alvarado konpositore kolonbiarrak akordeoirako idatzia; eta Myrto Nizami konpositore greziarrak akordeoi, saxofoi, biolontxelo eta bibolinerako idatzitako The Branches Bend, the memories Collid, 14. edizioko irabazlea.
Bi pieza horiek eskaini ondoren irakurriko dute epaimahaiaren akta, eta orduan jakingo dira aurtengo edizioko sarituen izen-abizenak.