Uxue Alberdi eta Nerea Loiola, Iranen eta Kurdistanen protestan ari diren emakumeen alde

Erredakzioa 2022ko urriaren 5a

'Emakumea, bizitza, askatasuna' leloa euskaraz eta kurdueraz esaten grabatu dute euren burua Euskal Herriko emakumezko hainbat sortzailek, tartean, Uxue Alberdi eta Nerea Loiola Getariak eta Zarauzko bizilagunek.

Jin, jiyan, azadi / Emakumea, bizitza, askatasuna. Lelo hori ahotan, euren burua grabatu dute Euskal Herriko zenbait sortzailek, egunotan Iranen eta haren menpeko Kurdistanen agintari erlijioso-politikoen indarkeria pairatzen ari diren emakumeei elkartasuna adierazteko. Horien artean dira eskualdeko bi sortzaile: Uxue Alberdi idazlea, bertsolaria eta Getariako bizilaguna; eta Nerea Loiola idazlea, Zarauzko bizilaguna. Zorrotz.eus plataformak zabaldu du bideoa.

Irailaren 13an, beloa «gaizki jantzita» zeramalako, Moralaren Poliziak atxilotu hil zuen Tehenaren Mahsa Amini 22 urteko emakumea. Polizia etxera eraman eta gutxira «bihotzekoak» eman ziola adierazi zuen Irango Poliziak, baina harekin atxiloturik zeuden hainbat lekukok adierazi dute emakumea jipoitu egin zutela, garunean odol isuria eragin arte.

Heriotzak protesta olde handia eragin du Iranen eta Kurdistanen. Ehunka herritar kalera atera dira hiru astez, Emakumea, bizitza, askatasuna leloa ahoan hartuta. Islamiar Errepublika amaitzeko eskatu dute. Irango agintariek gogor erantzun diete protestei. Iran Human Rights gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 92 herritar hil dituzte dagoeneko.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide