Ez dira amona-biloba asko ibiliko antzerki talde berean, afizioa partekatzen naturaltasun osoz. Marije Zumeta (Zarautz, 1953) eta Garazi Txapartegi (Zarautz, 2007) Alproja taldean elkarrekin dabil- tza eta, aurten, gainera, partaideentzat hain preziatua den galtxagorrien paperean aritu dira biak Euskal Jai Eguneko ikuskizunean. "Kristorena izan da", esan du Txapartegik irribarrea eta emozioa ezin ezkutatuta. Irribarretsu begiratu dio amonak.
Harreman estua dute, gertu bizi direlako eta ia egunero etxean izaten dutelako gaztea bazkaritan. "Nik janari gozoa prestatzen diot, eta aitonak pianoa jotzen erakusten dio. Gure seme-alabek ez zuten nahi izan pianoa ikasi, eta aitona zoratzen dago Garazirekin", esan du Zumetak. Irakaslea izana da Aiako herri eskolan, eta betidanik izan du harremana belaunaldi desberdinekin. Aberasgarria deritzo, baita bilobaren eta bien arteko harremanari ere. Berritsuak omen dira biak, eta eztabaidatu ere, eztabaidatzen omen dute, "baina haserretu gabe", zehaztu du Txapartegik.
"Jaio zenetik, gure etxea ere bere etxea izan du", kontatu du amonak. "Txiki-txikitatik uzten zuten gurekin, edo etortzen zen gurasoekin. Aiton-amonen etxea beti izan da berea ere". Bilobak baietz egin du buruarekin. "Denbora asko pasatu izan dut han, gu ere gertu bizi garelako. Gainera, pianoa dute, eta hara joaten nintzen jotzera. Eguerdi asko pasatu ditut han, aurten arte egunero beraiekin bazkaltzen nuelako eskolatik irtendakoan".
Amonaren antza
Zumetak berak ez zuen halakorik ezagutu; aiton-amonarik gabe hazi zen, eta aitortu du gustura ezagutuko zukeela amama mutrikuarra. "Dirudienez gurekin bizi zen, baina nik lauzpabost urte nituenean hil zen. Pena ematen dit, familiako dezentek esan izan didalako haren antza nuela. Batek esan zidan, gainera, gure amona bere garairako oso modernoa izan zela. Ausarta bai behintzat, 18 urte zituenean Mutrikutik Ameriketara joan zelako bakar-bakarrik, hango izeba batengana". Boisen (AEB) aitona markinarra ezagutu, ezkondu, eta ondoren itzuli ziren Euskal Herrira.
Zumetak izan ez zuen zortea du Txapartegik amonarekin halako erlazio estua izatearren, eta Zumetak amona mutrikuarraren antza baldin badu, Txapartegik ere badu bere amonaren antzik, bai antzerkizaletasuna partekatzen duelako harekin, bai "berritsuak" direlako biak, Zumetaren arabera.
Amona-biloba diren arren, Zumetak argi du ez dela sentitzen amona bakarrik Txapartegirekin dagoenean. "Garazi da gure etxeko pertsona bat eta, gainera, ala- baren alaba, eta oso pozik sentiarazten nau".
Alabaren alaba izate hori berezia al den galdetuta, baietz erantzun du. "Alabak esan zidanean haurdun zegoela, pentsatu nuen: ‘jolin, jada amona izango naiz’. Eta gogoan dut lagun batek esan zidala berari ez zitzaiola batere gustatzen amona deitzea, eta nik esan nion zer zuen ba txarra. ‘Gauza ederra dun’, esan nion. ‘Hik hire seme-alabak izan ditun, eta orain amona haiz, beste kategoria bat dun hori’. Berak zahartzaroarekin lotzen zuen, baina nik uste dut amona izatea gauza oso polita eta ederra dela ondo konponduz gero".
Karga ala ez karga
Gurasoek asko jo behar izaten dute aiton-amonengana beren haurren zaintzarekin laguntzeko, eta hori karga bezala sentitu duen galdetuta, errespetua eskatu du Zumetak sentimendu eta egoera guztientzat: "Ezin da ezer orokortu, eta ez dago formula magikorik denentzako. Egongo dira mota askotako aiton-amonak, mota askotako bilobak, eta mota askotako loturak. Ez du izan behar zama bat, edo obligazio bat, gaur egun adinekoek beren bizitza eta beren aktibitateak dituztelako. Errespetuz eta denentzat ahalik onena dena egin behar dela uste dut", iritzi dio.
Lan munduari eta kontziliazioari ere erreparatu dio Zumetak: "Emakumea lan mundura joan denetik ez dut uste lan askorik egin denik kontziliazioaren alde, nahiz eta hitz asko erabili eta postuero handia egon. Kontziliazioa gauzatu ahal izateko ez dakit noraino dagoen dena ondo bideratuta". Ikastetxeen ordutegiek eta gurasoen lanekoek bat egitea ere zaila dela uste du.
Bere familiari dagokionez, Zumetarentzat eta haren senarrarentzat "bilobaren zaintza ez da izan zama bat, ezta gutxiago ere, baina horrek ez du esan nahi ez daudenik gogaitutako aiton-amonak, nahiz eta bilobak maitatu eta gustura egon. Gaia delikatua da eta egoera guztiak errespetatu behar direla uste dut, eta denon artean, denon onerako diren irtenbideak bilatzen saiatu, erraza izan ez arren".
Nondik gatozen
Berak argi du gazteengandik eta bilobengandik asko ikasten dela. "Belaunaldien arteko desberdintasunak badaude, zer esanik ez sakelako telefonoez-eta hitz egiten badugu, baina uste dut hori ere aberasgarria dela, bai guretzat beraiena, bai beraientzat gurea". Amonak bere gazte denboretako kontuak batzuetan kontatzen omen dizkio bilobari, baina hizketaldiarekin zerikusia baldin badu soilik, zehaztu du Txapartegik. "Gai bati buruz ari bagara, berari gertatu izan zaiona kontatzen du bere ikuspuntua azaltzeko", eta baloratzen du amonaren esperientzia hori. "Uste dut bes- teen esperientziak balio duela zeure iritziak hobetzeko, ikuspuntua aberasteko edo behintzat gaiaz gehiago jakiteko. Azken batean, beste ikuspuntuek zeurea zabaltzen laguntzen dute, eta hor, batez ere, esperientziak laguntzen du; besteenak eta zeureak".
Zumetak denboran atzera egin nahi izan du, eta hausnartu du beraiei garai zailak tokatu arren –frankismoaren diktaduraren aurreneko urteetan jaioa da– "zortea" izan zutela. "Frankismo betean bizi ginenez, diktadura amaiera izugarrizko ilusioarekin bizi izan genuen. Orain gizarte berri bat egin behar dugu, eta horretarako, jakin egin behar dugu nondik gatozen eta nora joan nahi dugun. Guk frankismo bukaera bizi izan genuen gure bi- zitzan aukera berri bat bezala: libreago izango ginela sentitzen genuen, eta gauzak hobeto egingo genituela. Aldi berean, droga garaia tokatu zitzaigun... Gauza ho- riek guztiek erakutsi digute bizitzen edo bizitza nola ulertu behar dugun ikusten. Saiatu behar dugu gazteei, gure bilobei, helarazten hori guztia, baina ez kexu edo sermoi moduan,baizik eta esanda: ‘Begira nondik gatozen, nora goazen, eta elkarrekin egingo dugu bidea’".
Gizartea elkarrekin egite horri ematen dio garrantzi handia Zumetak. "Inoiz ez zait gustatu zer interes dauden edo egon diren adineko jendea sailkatzeko. Gazteak hemen, zaharrak hor... Eta ez zait batere gustatu inoiz jubilatutako jendeari zer irtenbide eman zaizkigun. Nik uste dut adin guztietakook ibili behar dugula elkarrekin".
Esan eta egin. Txapartegik herriko saltsa guztietan sartuta ezagutu du amona, eta erretiroa hartu zuenetik Alproja antzerki taldean ere badabil. Urte askoan, elkarrekin ikusi dituzte herriko taldearen antzezlanak. Orain, gainera, biloba batu da taldera. Dena den, Txapartegik argitu du ez dela amonak esanda sartu Alprojan. "Txikitatik gustatu izan zait antzerkia, eta betidanik ikusi izan ditut Alprojaren antzezlanak. Amona han ikusten nuen, gure ama ere ibili izan zen, eta amaren lehengusuak ere badabiltza taldean. Familia erdia han dugu, eta gutxieneko adinera iritsi nintzenean, 14 urte behar direlako han parte hartzeko, berehala animatu nintzen". Antzerkitik gehien zer gustatzen zaion azaldu du gazteak: "Lotsa galdu egiten duzu, hor dagoena ez zarelako zu, beste pertsona bat baizik, eta hori gustatu izan zait betidanik: beste pertsona bat izateko aukera edukitzea".
Antzerki taldeko gazteena da Txapartegi, eta zaharrenetakoa, Zumeta. "Bizpahiru emakume erretiratu joaten gara urtero- urtero, eta oso ondo pasatzen dugu", azpimarratu du.
Amona eta biloba elkarrekin joaten dira batzuetan antzerkiko entseguetara, baina han nork bere kuadrillatxoa du. Handik kanporakoa da beren harreman mamitsuena. Bilobak zer ematen dio amonari? "Garazik lehen esan duena nabarmenduko nuke: bi pertsona gaudela aurrez aurre hizketan, nahiz eta bi garaitan jaiotakoak eta gauzak desberdin ikusten edo bizitzen ditugunak izan. Esate baterako, oso berandu ezagutu ditut ordenagailuak eta sakelakoak; bera horiekin jaio da. Bizitza ikusteko era ere desberdina dugu, eta atentzioa ematen dit gazteak beraien arteko harremanetan zenbat gauzatan jartzen duten arreta. Bestetik, beldurra ematen dit bullyng-a eta halako istorio guztiak nola kudeatzen ote dituen... Guk ez baitugu halakorik bizi izan. Hori guztia berengandik ikasi behar dut nik, eta polita da hein batean".
Txapartegik bide horretatik jarraitu du, sakonduz: "Eztabaidak izaten ditugu, talka egiten dugu sarri; ikuspuntu desberdinak daudenean kosta egiten da gauzak ulertzea, baina ez gara haserretzen. Beti dago talka hori, baina ulertu egin behar da denok ez garela garai berekoak eta denok ez garela inguru berean jaio. Denok ez dugu ikuspuntu bera gauza berari buruz. Pertsona bakoitzak ditu gauzak ulertzeko eta esateko bere erak, eta hori batez ere ikusten da garai des- berdinetako jendearekin".
Zumetak aitortu du batzuetan ez diola bilobari ulertzen hizketan ari denean, "ingelesezko hitzak eta sartzen dituenean". Hori bai, nabarmendu du askotan edade- tuak inuzentetzat hartzen direla, eta bere ustez, errespetatu egin behar dela norbaitek ez badu gaur egungo teknologiaren bat ezagutu nahi. "Adibidez, nik ez dakit zer den Instagram, ez zaidalako interesatzen, ez dudalako jakin nahi. Niri ez zait gustatzen begietara begiratzen ez duen mundu hori, eta uste dut hori ere errespetatu egin behar dela. Gainera, aurrerapen gisa saltzen dizkiguten gauza asko benetan aurrerapenak al dira?", hausnartu du.
Txapartegik esan du amonarekin sarri hitz egin duela halako kontuez. "Teknologia berriek bere alde onak dituzte; esaterako, urrutira komunikatzeko ondo daude. Baina, bi pertsona gertu daudenean, zentzua galtzen du aurrez aurre hitz egin beharrean mezu bidez komunikatzeak. Horretan bat egiten dut amonarekin. Baina, beste gauza askotan, iritzi desberdinak ditugu". Barre egin dute biek.
Patxadaz
Nabari da amona-biloba lasai aritzen direla solasean, eta horretan Zumetak nabaritzen du aldea ama zen garaietatik amona izatera pasatu den garai hauetara. "Ez da gauza bera 30 edo 40 urte eduki, lanera joan, gero zeure umea zaindu eta abarrak egitea, edo jada 65-70 urte edukitzea. Beste egoera batean zaude bai fisikoki, bai mentalki, eta bilobak beste modu batera hartzen dituzu".
Amamak ez ote du gehiago maite biloba alaba baino? Erantzuna irmoa da: "Diferente. Garazi eta Irati [Garaziren ama] maite bai, baina diferente. Garazi da biloba, eta Irati da alaba. Alabarekin duzu beste harreman bat eta beste elkarrizketa batzuk, eta bi- lobarekin desberdina da".
Bilobari zer aholku ematen dizkio amonak? "Bere buruaren jabe izatea. Hori ez dezala galdu inoiz", esan du bilobari begietara begira. "Kontuz ibil dadila [droga eta alkohol] kontsumoekin eta kontuz ibil dadila kuadrilletan egoten diren presioekin. Hori ondo kudeatzeko bere buruaren jabe izan behar du. Badakit adinarekin pixkanaka lortzen dela hori, baina ezetz esaten jakin egin behar du, baita alde egiten ere. Egoten ere bai, baina berak nahi duen bezala, ez behartuta".
Amonaren aholkuak gurasoenak baino errazago onartzen dituen galdetuta, argi dago Txapartegik amonari entzun behintzat egiten diola, irmo erantzun baitu berak ere: "Hainbat gairi buruz ematen dizkidate aholkuak aiton-amonek eta gurasoek. Nork bere esperientzia dauka, baina haiek emandako aholkuak hartzen ditudan ala ez, hori beste kontu bat da. Momentu zehatz horretan behar duzun ala ez zeuk ikusten duzu, baita aholkuak eskatu ala ez ere. Beti dago ondo jendeari galdetzea, baina ez daukazu aholku bat literalki zertan hartu, beraien bizitza beraiena izan delako, eta zurea zurea delako. Agian beraiei balio izan die, baina zuri ez".
Erantzunak gustura utzi du amona: "Azken finean, hori da zure buruaren jabe izatea, Garazi". Solasaldia amaitu, eta krepe bat jatera joan dira.
'Zaharra' hitza eta 'gure garaiak'
Marije Zumetak baliatu du solasaldia pare bat aldarrikapen egiteko. Batetik, zaharra hitzaren alde. "Arantxa Urretabizkaia idazleari entzun nion behin guk, euskaldunok, zaharra esatea pertsona bati buruz ez dela espainolez bezala zerbait itsusia. Eta, bai jauna, arrazoi duela pentsatu nuen. Zaharrak gara; edadean aurrera goazen zaharrak. Eta, oraindik, bizirik". Bestetik, Zumetak azpimarratu du adin bateko zein besteko izan, denok garai berekoak garela. "Esaten digute gure garaiak beste batzuk zirela, baina hauek ere badira gure- ak, hemen gaudelako. Biloba izango da belaunaldi batekoa eta ni bestekoa, baina garai bera ari gara partekatzen", arrazoitu du.