Roberto Botijaren 'Denboraren azalera' erakusketa ikusgai dago Photomuseumen

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urriaren 4a

Denboraren joanak objektu sinpleetan izandako eragina islatzen dute Botijaren argazkiek. Gaurtik azaroaren 11ra egongo da ikusgai Photomuseumen erakusketa berria.

Egunerokoan garrantzi berezirik ez duten objektuen bidez islatu nahi izan du denboraren joana Roberto Botijak. Objektu horiei ateratako argazkietan haien deskonposizioa da protagoista eta, artistaren hitzetan, horiek dira "gure iraungipenaren adierazpenik leialenak".

"Beti erabiltzen ditut objektu sinpleak, ezer kentzen edo gehitzen ez diedanak. Ez ditut eraldatu nahi: isolatu egiten ditut eta ohikoa dena gogoangarri bihurtzeko asmoz, argazkiak ateratzen dizkiet", azaldu du artistak.

Botijaren lanak ikusgai daude gaurtik aurrera Photomuseum Argazki eta Zinema museoan. Azaroaren 11ra arte izango dira bertan lanak bisitatu nahi dituenarentzat, honako ordutegian: asteartetik igandera 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Asteazken eta ostiraletan doakoa izango da sarrera eta, gainontzeko egunetan, 6 euro balioko du sarrera arruntak, eta 3 murriztuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide