Gudari Egunaren bueltan, hainbat ekitaldi egingo dituzte Azpeitian eta Zarautzen

Ane Olaizola 2022ko irailaren 22a

Hilaren 27an 47 urte beteko dira frankistek Angel Otaegi azpeitiarra, Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra eta FRAPeko Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz fusilatu zituztela, eta hoirek oroitzeko ekitaldiak egingo dituzte datozen egunetan. Aurten, Nuarben izan beharrean, Azpeitiko Azoka Plazan egingo dute hango ekitaldi nagusia.

Datorren asteartean, hilaren 27an, 47 urte beteko dira frankistek Angel Otaegi azpeitiarra, Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra eta FRAPeko Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz fusilatu zituztela. Urtero legez, haiek oroitzeko ekitaldiak egingo dituzte datozen egunetan Azpeitian eta Zarautzen.

Azpeitian, larunbatean egingo dute Otaegiren oroimenezko ekitaldi nagusia, eta aurten, lehenengo aldiz, herrigunean bertan jarri dute zita, Nuarbe auzoan —hangoa zen Otaegi— izan beharrean. Beraz, Azoka Plazan elkartuko dira herritarrak, 19:30ean, eta han izango dira, besteak beste, Txiki eta Otaegiren senideak. Horrez gain, bien bizitzen inguruko erakusketa bat jarriko dute asteburuan, plazan.

Irailaren 27an, Gudari Egunean, bestalde, hainbat ekintza egingo dituzte bi herrietan; Azpeitian, ohiko moduan, lore eskaintza egingo diote Otaegiri Nuarbeko hilerrian, 19:00etan. Zarautzen, berriz, urtero bezala hilerrian elkartuko dira, eta han egingo dute ekitaldia, 12:00etan; horrez gain, 19:30ean ere ohiko ekitaldia izango da Villa Manuelako pilotalekuan. Azpeitiko ezker abertzaleak dei egin die herritar guztiei ekintzetan parte har dezaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide