Zarauzko udal aurrekontuak lantzeko lehen saioa egingo dute gaur Vista Alegren

Amaia Urbieta Arruti 2022ko irailaren 15a

Parte hartze prozesuari ekingo diote arratsaldean Vista Alegre eta Hiruerreketako bizilagunekin, eta datozen astetan gainerako auzotan batzartuko dira. Postontzietan eta online bidez ere jasoko dituzte herritarren ekarpenak.

2023ko udal aurrekontuak lantzeko parte hartze prozesua jarri du abian udalak, eta, guztira, aurrez aurreko zazpi bilera deitu ditu herriko auzoetan, bizilagunen beharrak, kezkak eta ekarpenak jasotzeko. Lehen saioan gaur bertan egingo dute Vista Alegre eta Hiruerreketako bizilagunekin, 18:30etik aurrera, Vista Alegreko auzo elkartean. Hurrengoak datozen astetan izango dira.

Era berean, hainbat postontzi jarriko dituzte herrian, herritarrek aurrekontuei eta proiektuei proposamenak egin ahal diezaieten. Ekarpenak internet bidez ere egin ahal izango dira, partehartu@zarautz.eus posta elektronikoz bidalita edo udaleko webgunean Parte Hartu atalaren bitartez.

Irailaren 15etik urriaren 5era egongo da zabalik postontzietan eta internet bidez proposamenak egiteko epea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide