Bueltan da futbola, eta euskal ligetan lehiatzen diren eskualdeko futbol taldeak asteburuan itzuliko dira berdeguneetara. Gizonen artean, Azkoitiko Anaitasuna eta Azpeitiko Lagun Onak arituko dira Espainiako Hirugarren RFEF mailan, eta emakumeen artean Anaitasuna eta Zarautz Euskal Ligan.
Anaitasunaren gizonen zein emakumeen taldeak izango dira txapelketei ekiten lehenak; izan ere, bai batak eta bai besteak larunbateko 16:30ean hasiko dute liga. Emakumeen taldeak Leioako Emakumeak taldea izango du aurkari etxean, eta gizonek Pasaiako Jesus Mari Zamora zelaian jokatuko dute. Eskualdeko beste bi taldeek ere larunbatean jokatuko dute, biek 17:30ean eta etxean. Lagun Onakeko gizonek Touring igo berria hartuko dute, eta Zarautz taldeko emakumeek Basauriko Kimuak.
Gizonen Hirugarren RFEF liga aurreko urtekoa baino gogorragoa izango da; izan ere, iaz hogei talde baziren, aurten hamasei taldera murriztu dute liga, eta beraz, zortzi partida gutxiago izango dituzte Anaitasunak eta Lagun Onakek beraien helburuak betetzeko. Aurreko denboraldian, hamargarrena izan zen Anaitasuna, eta hamaikagarrena Lagun Onak. Aldiz, emakumeen Euskal Ligan iaz baino hiru talde gehiago izango dira, eta hori horrela, sei partida gehiago izango dituzte Anaitasunak eta Zarautzek puntuak batzeko. 2021-2022 denboraldian, Anaitasuna bigarren sailkatu zen, eta Zarautz hirugarren.
Hirugarren RFEF liga
Anaitasuna eta Lagun Onak taldeek ordezkatuko dute eskualdea Espainiako Hirugarren RFEF ligan. Bi klubek iaz taldean izan zituzten jokalari gehienei eutsi diote, eta hutsuneei aurre egiteko, fitxaketa berriak egin eta harrobiko jokalariak igo dituzte talde nagusira. Anaitasunaren kasuan, hamalau jokalarik jarraitzen dute aurreko denboralditik. Guztira, bost jokalarik utzi dute taldea –Ander Rementeria, Mikel Agirre, Jon Letamendia, Mikel Azkoiti eta Axi Ugarte–, eta bost fitxaketa egin ditu Azkoitiko taldeak: Ander Pastrian, Gorka Masach, Jon Iglesias, Mohamed Gourmat eta Jonma Vega. Gainera, Julen Olaizola, Oihan Etxaniz eta Aimar Guembe lehen taldeko jokalari izatera igaro dira aurten. Entrenatzaile taldean ere aldaketak egin ditu Anaitasunak. Xabi Andreu izango da entrenatzaile laguntzailea eta Axel Alkorta atezainen entrenatzailea.
Lagun Onakek azken denboraldiko jokalari gehienak izango ditu taldean aurten ere. Hamabi jokalarik jarraitzen dute, eta izan dituzten sei bajei –Oinatz Elustondo, Ignacio Otaño, Aitor Diez, Sergio Barquero, Ekhi Gonzalez eta Aratz Garmendia– bost fitxaketa eginda erantzun diete. Ander Bengoetxea, Iñigo Sukia, Xabi Alonso, Julen Guillo eta Markel Areitio fitxatu dituzte. Aldiz, Iker Hidalgo lehen taldera igaro da. Entrenatzaile taldean aldaketa bakarra egin du taldeak. Prestatzaile fisikoaren ardura Endika Huizik izango du aurrerantzean.
Abenduko eta apirileko lehen asteburuetan jokatuko dituzte bi derbiak Anaitasunak eta Lagun Onakek. Abenduan, Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian arituko dira, eta apirilean, Azkoitiko Txerloia futbol zelaian.
Emakumeen Euskal Liga
Iaz, Euskal Ligako bi talderik indartsuenetakoak izan ziren Anaitasuna eta Zarautz, baina aldaketa bat baino gehiago izan dira uda honetan bi taldeetan. Anaitasunan 11 jokalarik utzi dute taldea –Oihane Ucin, Miren Odriozola, Irantzu Albizuri, Jone Larrañaga, Maialen Agirre, Eneritz Garate, Paula Kalzakorta, Oihana Aranbarri, Eneritz Jauregi, Jone Sudupe eta Intza Zendoia–. Hala eta guztiz ere, hamalau jokalarik jarraitzen dute aurreko denboralditik taldean, eta lau jokalarirekin indartu dute taldea gorritxoek: Aretha Azkue, Edurne Aldaia eta Oihane Suinaga batu dira taldera. June Diaz, berriz, lehen taldeko jokalaria izatera igaro da. Kadete mailako Naira Uria, Arette Egiguren, Ane Arrizabalaga, Lierni Piris eta Ane Zulaika lehen taldeko dinamikan arituko dira sasoi berrian. Entrenatzaile taldean ere izan da aldaketarik Anaitasunan; izan ere, Gorka Zubizarreta entrenatzaileak utzitako postua beteko du Mikel Barquerok. Harekin batera osatuko dute entrenatzaile taldea Kepa Orbeak, Mikel Antsorregik, Xabier Garatek eta Peru Portalok.
Anaitasunan bezala, Zarautz taldean ere izan dira aldaketak. Aurreko denboralditik taldean hamahiru jokalarik jarraitzen badute ere, sei lagunek hartu dute taldea uzteko erabakia: Uxue Yoldi, Nahia Azpiroz, Sara Aranguren, Naiara Goikoetxea, Irati Larrañaga eta Ane Mugika. Aldiz, zazpi jokalari batu dira Zarautzen lehen taldera: Bidatz Izagirre, Elene Romero, Nahia Lacalle, Maddi eta Eider Zelarain, Irai Arozena eta Jugatx Aduriz. Era berean, Inge Iruretagoiena eta Elene Eizagirre kadete mailako jokalariak emakumeen lehen taldeko dinamikan arituko dira. Alberto Izquierdok jarraituko du taldea zuzentzen, baina Leire Larrañaga laguntzailearen ordez arituko da aurten Iker Garcia.
Anaitasunak eta Zarautzek azaroko azken asteburuan –Zarautzen– eta 2023ko apirileko azken asteburuan –Azkoitian– jokatuko dute elkarren aurka.