AEK-k antolatuta, gaur egin dute Musika Plazatik abiatuta Euskararen aldeko XXVI. Lasterketa eta Euskararen aldeko III. Irristaketa Lasterketa. 200 pertsona baino gehiagok eman dute izena bertan, eta giro ederra sortu dute plazan.
Ahizpea Lertxundi izan da azkarrena emakumezkoetan, eta Asier Astigarraga gizonezkoetan. Bigarren, aldiz, Iraia Bidaurrazaga izan da, eta hirugarren Mari Beizama. Gizonezkoetan Raul Ridruejo izan da bigarren, eta Eneko Alberdi sailkatu da hirugarren. Irristaketa modalitatean, aldiz, Lore Lazkano izan da azkarrena.
Korrika lasterketa eta gero, ekitaldia egin dute malekoian dantza eta musika uztartuz. Hain zuzen, Martxa baten azken notak, Behin betiko eta Ikusi mendizaleak abestu eta dantzatu dituzte elkarrekin, eta euskararen aldeko aldarria ere irakurri dute. Adierazi dutenez, "euskara zaindu egin behar dugu, eta gure aurreko belaunaldietatik jaso dugun moduan, ondorengoei eman behar diegu".