Ikasturte hasierako ekitaldia egin du EAJk Zarautzen

Mireia Galarza Bastida 2022ko irailaren 3a

Alderdiko hainbat ordezkarik hartu zuten parte Malekoian egindako ikasturte hasierako mitinean. Bertan izan ziren, aldi berean, Nafarroa kaleko ezkiak babesteko sortu duten Tiloak plataformako kideak. 

EAJk ikasturte hasierako mitina egin zuen atzo arratsaldean Malekoian, Galtxagorri elkartearen parean. Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidentearen eta Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentearen hitzartzeek osatu zuten saioa. Bertan izan ziren alderdiko beste zenbait ordezkari ere, horien artean, Zarauzko Udaleko alderdi jeltzaleko kideak, eta Eusko Gaztegi EGIko hainbat gazte. Aldi berean, Nafarroa kaleko ezkiak babesteko sortu duten Tiloak plataformako kideak ere gerturatu ziren lekura. 

Energiaz, erronka ekonomikoez eta Espainiako Gobernuarekiko harremanaz aritu zen, besteak beste, Ortuzar. Hala, EH Bilduri "energia autojasangarritasunerako akordio serioa" proposatu zion, gasarekin Europa osoak duen arazoa aipatuta. "Benetako akordioa proposatzen dugu, ez orain arte enzun ditugun burugabekeriak", zehaztu zuen.

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi, berriz, adostutakoa betetzeko eskatu zion, eta ohartarazi, oraindik legealdiaren zati handia betetzea falta dela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide