Etxean gelditu da Bertsolari Gazteen Lizardi Sariko txapela

Urtzi Oteiza 2022ko irailaren 3a

Atzo gauean jokatu zen finala Modelo aretoan, eta Aner Peritz zarauztarra izan zen irabazlea; Andoni Rekondo gelditu zen bigarren, bi puntura.

Andoni Rekondo, Aner Peritz, Gorka Pagonabarraga, Oier Etxeberria, Aitor Tatiegi eta Naia Arrizabalaga aritu ziren atzo gauean Modelo aretoan bertsotan, Bertsolari Gazteen Lizardi Sariketako finalean.

Ibon Aristi aritu zen gai jartzaile lanetan, eta parte hartzaileek honako lanak egin behar izan zituzten: zortziko handia, zortziko txikia, hitza emanda bertso bana, seiko motza, kartzelekoan puntuak eta kartzelekoan gaia.

Bertsolariak fin aritu ziren, eta azkenean, Aner Peritz zarauztarrak jantzi zuen txapela. Bi puntura gelditu zen bigarrena, Andoni Rekondo hernaniarra. Horrek jaso zuen, gainera, bertso onenaren saria. Zortziko txikiko lehenengo bertsoagatik jaso zuen. "... aholku soila dezu/ ez dezu errita/ zauria egin aurretik/ jartzazu tirita".

Sailkapena

  1. Aner Peritz: 286,5
  2. Andoni Rekondo: 284,5
  3. Aitor Tatiegi: 278
  4. Gorka Pagonabarraga: 266,5
  5. Oier Etxeberria: 255
  6. Naia Arrizabalaga: 229

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide