Munduaren aniztasuna irudikatuko dute Elkanoren Lehorreratzean

Aritz Mutiozabal 2022ko irailaren 1a

Antzezpenean Karlos V.aren pasartea kendu egin dute, eta kontinenteak adin askotako jende multzoek ordezkatuko dituzte. Errepidea itxi egingo dute 15:30etik 20:00etara.

Bira bat, 100 mundu lelopean, datorren asteartean antzeztuko dute Elkanoren Lehorreratzea Getarian. Egitasmoa iragartzeko aurkeztu duten kartelak aurreratzen du aldaketa nabarmena suposatu duela urteurrenak herrian, antzezlanak berak bezalaxe, atzo eguerdian Getariako alkate Haritz Alberdi adierazi zuen moduan. «Aldaketa horren logika izan da azken hiru urte hauetan jorratu dugun bidea: jakintzan sakontzea, gehiago ezagutzea Elkanoren eta itsas bidaiaren inguruan, eta bestalde, etorkizunari begira ere jartzea», nabarmendu zuen.

500 urte beteko dira munduari lehen bira eman ziotenetik, eta 100 urte, berriz, getariarrek lehen antzezpena egin zutenetik. Urtemuga horiek, zalantzarik gabe, berezia egiten dute irailaren 6an ospatuko den Elkanoren Lehorreratzea, 17:00etatik aurrera. Alkateak argi du herriko «ondarea» dela, «baina berezia da baita ere gaur egungo belaunaldiek hainbat hilabetetan lehorreratzearen inguruan hitz egiteko aukera izan dugulako. Nola ikusten dugun, nola bizitzen dugun eta nola irudikatu nahi dugun». Horretarako, 30 lan-bilera egin dituzte, 90 herritar inguruk hartu dute parte, eta lanketa horretan ondorioztatutako gauza asko lehorreratzean ikusiko direla aurreratu du Alberdik.

Beñat Aristi herritarrak prozesu osoan hartu du parte. Alde historikotik, orain artean zer antzeztu den eta zer ez aztertu zuten, eta urteurren honetarako zer antzeztu zezaketen lantzen hasi ziren. «Zer gertatu zen eta zer antzeztu dezakegun, alegia». Antzezpenari dagokionez, jakin bazekiten muga jakinak zituztela; hau da, ez zeudela Sanlucarren eta Nao Victoria itsasontzirik ere ez zutela edukiko. «Ondorioz, azken ehun urte hauetan zer egin den ere aztertu behar izan dugu», azaldu zuen Aristik. Urteen poderioz, lehorreratzea «transformatzen» joan dela jakitera eman zuen: «Ez da zerbait tiinkoa izan. Alderdi batzuk aldatu egin dira, antzezpeneko zati batzuk gehitu egin zaizkio».

Guztira, 260 lagun baino gehiagok hartuko dute parte ekitaldian, eta hiru zati izango ditu ibilbideak. Lehen zatian, moilan egingo dute ohiko Elkanoren iritsiera, eta hor aldaketa gutxi aurreikusi dituzte. «Historikoki zuzenak izate aldera, eta indigenei zor historiko bat kitatze aldera, hiru molukatarrak ordezkatuta egongo dira lehorreratzean».

Bigarren zatian, mundua irudikatzeko antzezpena egingo dute: «Kontinente esterotipatuak erabili ordez, eta herritarren eskariari erantzunez, parte hartzea zabaltzea erabaki da adin ezberdinetako jendeari. Beraz, kontinente bakoitzean jende multzoak ikusiko ditugu», kontatu du getariarrak. Kontinenteei dagokionez, Patagoniak ordezkatuko du Amerika, Cabo Verdek Afrika eta Getariak berak Europa.

Hirugarren eta azken zatian egongo litzateke aldaketa nagusia. Kasu honetan, Karlos V. erregearen pasartea kentzeko nahia agertu zuten herritarrek, eta horren ordez, monumentua gertakari historiko hori irudikatzeko erabili beharrean, mundua leku eder eta anitz bezala irudikatzeko erabiliko dute.

Bestalde, lehorreratzean erabiliko duten Vera Cruz karabela asteartean iritsi zen portura, eta gaurtik hasi eta ondorengo egunetan barrutik ezagutzeko aukera izango da, euro baten truke.

Autobus zerbitzu bereziak
Errepidea itxita egongo da irailaren 6an, lehorreratzearen egunean, 15:30etik 20:00etara arte, bai Zarautz aldetik bai Zumaia aldetik; Meagako bidea ere itxita egongo dela jakinarazi du Getariako Udalak.

Autobus zerbitzu publikoak maiztasunez ariko dira joan-etorriak egiten. Zarauztik 15 minutuero irtengo dira ohiko geralekuetatik, 15:00etan hasi eta 20:00ak arte. Zumaian ere ordu tarte berean eskainiko dute zerbitzu berezia, ordu laurdenero, Patxita Etxezarreta geralekutik.

Zestoatik ere lanzaderak jarriko dituzte ordu erdiko tartearekin, Sansinenea industrialdetik. Edonola ere, lehenengo irteerak ordutegi hauetan izango dira: 15:00, 15:30, 16:15, 16:45, 17:15 eta 18:00; gainerakoak 30 minututik behin, 20:00ak arte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide