Urdaibairentzat izan da Zarauzko Bandera gizonezkoetan

Onintza Lete Arrieta 2022ko abuztuaren 21a

Hondarribia eta Urdaibai pare-parean helmugaratu dira gaurko Eusko Label ligako estropadan: aurrenekoarentzat izan da garaipena, baina bigarrenarentzat bandera. Ander Etxegoien Orioko patroiak jantzi du beste behin patroi onenaren elastikoa.

Ikuskizun galanta eskaini dute beste behin Eusko Label ligako traineruek. Atzo baino itsaso bareagoarekin atera dira arraunlariak Zarauzko Banderaren bila, eta ohorezko txandakoak izan dira bizkorrenak gaurkoan ere. Oso paretsu abiatu dira laurak –Orio Orialki, Donostiarra, Urdaibai eta Hondarribi–, baina estropadak aurrera egin ahala Orio atzean geldituz joan da, eta asko sufrituta, laugarren egin du bai gaurko estropadan, bai atzoko eta gaurko jardunaldiak kontuan hartuta ere.

Azken luzean sekulako lehia egon da beste hiruren artean. Urdaibaik azken metroetan ikaragarrizko lana egin du, eta Hondarribiarekin pare-parean helmugaratu da. Bi ehunenekorengatik irabazi dute gipuzkoarren estropada; ez, ordea, bandera. Hori Bizkairantz joan da, atzoko estropadako denborak kontuan hartuta.

Getariak ere gogor borrokatu du bigarren txandan, baina zazpigarren postuarekin konformatu behar izan du. Bi jardunaldiak kontuan hartuta, berriz, seigarren izan da.

Ligaren irabazlea Galizian jakingo da, denboraldiko azken norgehiagoketan. Izan ere, hiru puntuko aldea besterik ez dago Urdaibairen eta Hondarribiaren artean. Orio eta Getaria lan bikaina ari dira egiten, eta laugarren eta bosgarren dira sailkapen nagusian, hurrenez hurren.

Patroirik onena

Bestalde, Ander Etxegoien Orioko patroiak tinko jarraitzen du patroirik onenaren sailkapeneko lehen postuan, 126 punturekin. Gaur ere jantzi du merezitako elastikoa estropadaren amaieran.

Unax Eizagirre Getariako patroia da bigarren sailkapenean 104 punturekin, eta Gorka Aranberri Urdaibaikoa, hirugarren, 94 punturekin. Hain zuzen, Aranberri zarauztarra pozarren zen estropadaren amaieran bandera eskuratzearren. "Ez ditugu hamabi puntuak eskuratu, baina ez nukeen banderagatik aldatuko", esan du ETB1eko kameren aurrean.

Gaurko sailkapena:

Bi jardunaldietako sailkapena:

Sailkapen nagusia:

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide