Izena eman daiteke 3x3 Zarautz saskibaloi txapelketan

Aritz Mutiozabal 2022ko abu. 20a, 13:59

Zazpi kategoriatan banatuta, abuztuaren 26tik 28ra jokatuko da malekoian, Dama ondoko zabalgunean, ZASTek antolatuta.

ZAST Zarauzko Saskibaloi Taldeak 3x3 Zarautz saskibaloi txapelketa antolatu du azken urtetako etenaldiaren ondoren. Datorren astean jokatuko da, abuztuaren 26tik 28ra, adin guztietako eta maila ezberdinetako zaletuen gozamenerako. Ohi bezala, Dama ondoko malekoia eremuan hainbat saski kantxa atonduko dituzte, eta bertan egingo dute kirol ekitaldia.

Izen-ematea dagoeneko zabalik dago eta taldeak hasi dira inskribitzen pixkanaka-pixkanaka; epea datorren asteazkenean, hilaren 24an, itxiko dute. Taldeak hiru edo lau jokalariz osatu beharko dira; kuadrillen kasuan bosteko taldeak onartuko dira.

Izena ZASTeko web orriaren bitartez egin beharko da, eta ondoren, Rural Kutxako kontuan (ES66 3008 0181 3331  8490 8220)  zenbatekoa sartu: jokariko 5 euro (adingabekoak) eta 10 euro (senior eta kuadrillen txapelketa). Bankuko ziurtagiria 623 169 554 telefono zenbakira helarazi behar da whatsapp bidez.

Kategoria ezberdinak

-Preminiak (2013/2014), kategoria misto bakarra; gehienez 32 talde.

- Miniak (2011/2012), bi kategoria: neskak eta mutilak; gehienez 32 talde (16+16).

- Infantilak (2009/2010), bi kategoria: neskak eta mutilak; gehienez 32 talde (16+16).

- Kadeteak (2007/2008), bi kategoria: neskak eta mutilak; gehienez 20 talde (10+10).

- Juniorrak (2005/2006), bi kategoria: neskak eta mutilak; gehienez 20 talde (10+10).

- Kuadrillak +16, kategoria misto bakarra; gehienez 32 talde. (taldean saskibaloian jokatzen duen bat edo bi egongo dira gehienez).

- Senior elitea +2004, bi kategoria: neskak eta mutilak; gehienez 32 talde (16+16).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide