Udako Azoka Ekologikoa egin dute goizean Zarautzen

Aritz Mutiozabal 2022ko abuztuaren 19a

Elikagai ekologikoak eskuragarri jartzeaz gain, ekoizleen eta herritarren arteko zubiak eraikitzea du helburu azokak. Hainbat lagun bertaratu da produktua ikustera eta erostera.

Udako Azoka Ekologikoa egin dute gaur goizean eta eguerdi partean Lege Zaharren enparantzan eta Zigordia kalean, Biolur elkarteak antolatuta. Hogeita bost ekoizle izango dira azokan, gehienak Gipuzkoakoak, baina baita Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Errioxatik (Espainia) etorritakoak ere.

Herritar eta egunotan herrian dabilen bisitari hainbat gerturatu da postuetara, eta askotariko produktuak topatu dituzte: besteak beste, barazkiak, ardi nahiz behi gaztak, eztia, gozoak, ogia, marmeladak, olioa, arrautzak eta sagardoa.

Azokaren helburua da herritarrei elikagai ekologikoak eskuragarri jartzea, ekoizleek egiten dutenaren informazioa eskaintzea eta ekoizle-herritarren arteko zubiak eraikitzea. Gaur horretarako parada ezin hobea izan da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide