Harri-jasotzaile zarauztarrak iaz Jokin Eizmendik egindako altxaldi kopurua berdindu zuen atzo arratsaldean Donostiako Trinitate plazan, eta hamazazpi altxaldirekin, bera da txapeldun berria. Orain arte, zazpi alditan irabazi du Jokin Eizmendi zarauztarrak txapelketa entzutetsua, baina atzokoan herrikide gazteak irabazi zion (2018an ere Urrak irabazi zuen, baina orduko hartan ez zuen parte hartu Eizmendik). Hamabost altxaldi eman zizkion harriari Eizmendik atzo. Igeldoko Harria altxatu zuen hirugarren zarauztarra, Xabat Olaizola, seigarren postuan geratu zen, eta Gorka Etxeberria oriotarra, laugarren. Hemen, sailkapena:
- Mikel Lopetegi - 17 jasoaldi
- Jokin Eizmendi - 15 jasoaldi
- Paulo Azpiazu - 14 jasoaldi
- Gorka Etxeberria - 12 jasoaldi
- Beñat Telleria - 11 jasoaldi (pisu gutxiago)
- Xabat Olaizola - 11 jasoaldi
Atzoko hitzorduko berrikuntza nagusia Uliako Harriaren txapelketa izan zen. Emakumeen txapelketa egin zuten lehen aldiz, eta parte hartze altua izan zuen lehiak, Igeldokoak baino altuagoa: hamar harri-jasotzaile atera ziren plazara, eta tartean ziren bi zarauztar. Horietako bat, Ainitze Zumeta, azpitxapeldun izan zen, gainera. Duela gutxi hasi da Zumeta harri-jasotzen, baina orain arte egindako probetan trebetasun handia erakutsi du. Izan ziren lehian parte hartu zuten eskualdeko beste hainbat harri-jasotzaile ere: Lierni Osa zarauztarra, Aroa Sanchez eta Udane Ostolaza oriotarrak eta Olaia Esnaola azpeitiarra. Txapeldun Karmele Gisasola izan zen, hamasei altxaldirekin. Hemen, sailkapena osorik:
- Karmele Gisasola - 16 jasoaldi
- Ainitze Zumeta - 13 jasoaldi
- Lierni Osa - 12 jasoaldi (pisu gutxiago)
- Aroa Sanchez - 12 jasoaldi
- Ane Zinkunegi - 11 jasoaldi
- Raquel Arranz - 10 jasoaldi
- Udane Ostolaza - 9 jasoaldi
- Olaia Enaola - 8 jasoaldi
- Naiara Zumeta - 6 jasoaldi
- Marina Blanco - 3 jasoaldi