Ismael Etxarri: "Oso ondo doa denboraldia, baina irabaztea falta zaigu"

Onintza Lete Arrieta-Amaia Urbieta Arruti 2022ko abuztuaren 12a

Denboraldia amaitzeko pedalkada dezente falta zaizkie oraindik ere Zarauzko Eulen-Nuuk Jira-Bira taldeko txirrindulariei, baina, momentuz, orain arte egindakoaren balorazio positiboa egiten du Ismael Etxarri taldeko managerrak.

23 urtez azpiko txirrindularien Jira-Bira taldeko managerra da Ismael Etxarri. Oraindik lasterketa asko falta zaizkie denboraldia amaitzeko, baina, oro har, balorazio ona egin du. Dena den, "errematatzea" falta zaiela nabarmendu du. "Inoiz baino gehiagotan sartu gara lehen hamarretan, baina lasterketak irabaztea falta zaigu. Ez da erraza, kontuan hartuta gure mailan talde profesionalen filial asko daudela". Gustura daudela azaldu du, taldea lehian "oso sartuta" dagoelako, eta Eulen Nuuk Jira-Bira izena eta egonkortasuna irabazten ari delako apurka. 

Atzera begira, kontatu du hainbat oztopo izan dituztela denboraldi hasieran. Martxoan eroriko larri batzuk izan zituzten, eta txirrindulari batzuk osatuta eta lehiatzen ari badira ere, taldeko esprinterra den txirrindularia lau hilabetez egon da lehiatik kanpo, erorikoak eragindako lesioagatik. "Lasterketa batzuek ihes egin digute horren eraginez. Oraindik ere geratzen dira hainbat lehiaketa eta badugu esperantza. Esprinterraren lesioa izan daiteke lasterketarik irabazi ez izanaren azalpena", dio Etxarrik. 

Izatez denboraldia irailaren 24rako amaitzea aurreikusten bazuten ere, 23 urtez azpiko Espainiako buelta antolatu dute aurten, eta Jira-Bira gonbidatu dute antolatzaileek. Vuelta a Hispania jarri diote izena lehiari, eta irailaren 24an hasita, astebete iraungo du. Gustura hartu du gonbidapena Zarauzko taldeak, baina "erronka" izango dela aipatu du Etxarrik, izan ere, taldea justu iritsiko da data horretara bai ekonomia aldetik, bai indarrez. "Halako proba bat antolatzerakoan gurea bezalako talde txiki bat gonbidatzea guretzat oso ona da, beraz, onartu beharra daukagu. Ea parte hartuko duten sei txirrindulariak baldintza onetan iristen diren". 

Hainbat tokitako txirrindulariak daude Eulen Nuuk Jira-Bira taldean: Amurriokoak (Araba), Lizarrakoak (Nafarroa), Lazkaokoak (Gipuzkoa)... Talde kohesioa lortzeko hori oztopo dela aipatu du Etxarrik, baina azpimarratu du giro ona dutela taldean. Txirrindulariren bat nabarmentzeko eskatuta, Iñigo Eizagirre zarauztarraren izena aipatu du. Etxarriren arabera, zarauztar gazteak badaki noiz ihes egin, intuizio onekoa da. 

Irailaren amaierara arte oraindik ere postu onak lortzeko aukera asko izango ditu Zarauzko txirrindularitza taldeak, eta ahaleginak eta bi egingo dituzte lehen posturik ez izatearen arantzatxo hori ateratzeko. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide