Maiatzean eskuratu zuen CrossFit Games 2022 txapelketarako txartela Zarauzko taldeak, eta abuztuaren 3an hasi eta atzo amaitu zen lehia, Amerikako Estatu Batuetako Madison hirian.
Alex Anasagastik, Pablo Cazalisek, Ione Taintak eta Nienke Van Overveld holandarrak osatu dute lehiaketarako taldea, eta 27. postua eskuratu dute taldekako sailkapenean. 341 puntu eskuratu dituzte Zarauzko ordezkariek mundu mailako txapelketan, eta 1052 punturekin, AEBetako CrossFit Mayhem Freedom taldea izan da txapeldun.
Zaragozan ere emaitza bikainak
Azpeitiko Crossfit zentroko hainbat kidek emaitza ezin hobeak lortu dituzte asteburuan Zaragozan izan den Cierzo Fitness Challenge txapelketan. Hamabi kirolarik parte hartu zuten taldekako lehietan, eta erdi mailako (Intermedio izenekoa) txapelketan lehen postuan sailkatu ziren Ander Pablos eta Ander Matas azkoitiarrak, Nestor Hernandez tolosarra eta Lierni Osa zarauztarra.
Maila bereko bigarren postua ere Azpeitiko talde batentzat izan zen; hain zuzen ere, Unai Zubizarreta eta Jakes Gurrutxaga azpeitiarrek nahiz Jon Zuloaga eta Ane Illarramendi azkoitiarrek osatutako taldearentzat izan zen podiumeko bigarren lekua.
RX mailan, erdi maila baino bat goragokoan, ere izan zen Azpeitiko crossfit zentroko ordezkaritza, eta lan ezin hobea egin zuten horiek ere; izan ere, Joanes Otamendi, Aitzol Galarraga eta Ander Arteaga azpeitiarrek zein Erika Sanchez zarauztarrak bigarren postua eskuratu zuten.