Lurdes Agirre, Joxe Agustin Esteban, Jesus Mari Garmendia Xarpas, Kontxi Monasterio eta Mari Jose Olaskoaga Zarauzko moilan elkartu dira, beste askotan bezala, igeri saioa egiteko itsasoan. 2.000 metro inguru egin, eta kafea hartzera joan dira betiko tabernako terrazara. "Kafea entrenamenduaren parte da", esan dute barrezka. Baina hala da, eta beti hartzen dute entrenatu ondoren. Moilatik ateratzen direnean, Musika Plazan, Txiki Politen hartuko dute kafea. Itsaso ona dagoelako Arguiñano paretik, hondartzatik, ateratzen badira, Arguiñanon hartuko dute.
Kafe orduan igeri taldeko beste bi kide batu dira tertuliara: Iñigo Unamuno eta Mily Perez –asteburua balitz, jende gehiago batuko litzateke, bai igerian, bai kafearen hitzorduan–. Gerturatzen ari dira urteko hitzordu berezienak, hau da, asteburuan egingo diren Zarautz-Mollarri-Zarautz eta Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiak, eta hori izan da mintzagai nagusia, baina ez bakarra. Mahaiko gehienek egingo dute aurten mende erdia beteko duen Getaria-Zarautz (2.850 metro), eta Unamunok eta Estebanek, baita bezperako buelta ere, Zarautz-Mollarri-Zarautz (5.000 metro). "Moilatik irten eta Mollarriko buelta hori askotan egiten dugu entrenatzeko", gaineratu du Estebanek.
Balea igeriketa elkarteak antolatzen ditu proba horiek, eta solaskide guztiak dira elkarteko kide. "Umeek eta helduek osatzen dute taldea, eta 60 master inguru izango gara guztira, gehien-gehienak 40 urtetik gorakoak", azaldu du Lurdes Agirrek. 60 urteko langa igaroa du berak, baita Estebanek, Unamunok eta Xarpasek ere. "Batek baino gehiagok uste du zaharrak garenez erraz irabaziko digutela igerian, baina lehian hasi, eta ezustekoak hartzen dituzte, kar-kar", esan du Unamunok, eta gazteenek buruarekin baietz egin dute. Igeriketa, izan ere, kirol demokratikoa da. "Baita beste kiroletan baztertutakoen kabia ere", aitortu dute lasai asko. Korrikan ibili eta belauneko minagatik utzi behar izan dutenena, kasu. Igeriketaren onurak azaltzen aritu dira.
Bakarren bat kenduta, mahaiaren bueltan dauden beste guztiak gerora hasitakoak dira igerian, eta argi dute zein den kirol horren sekretua: teknika. Beraietako askok arlo hori hobetzen jarraitzen dute oraindik orain, eta azpimarratu dute oso gustura daudela beren entrenatzaileekin: Hector Llanos eta Mikel Peña.
Urte hauetan guztietan hainbat tokitako itsas zeharkaldiak egin izan dituzte, baita Espainiako Txapelketetan eta Europakoetan parte hartu eta dominak irabazi ere zenbaitek. Marka eta denbora pertsonalez hitz egitea, dena den, zaila dela uste dute. "Igandeko itsas zeharkaldian, esaterako, urtero egingo duzu denbora desberdina. Itsasoa desberdin dagoelako beti, eta marea behera edo gora izan, aldea delako. Itsasbeheran, helmugara iristeko korrika saioan metro gehiago egin beharko badituzu, eta denbora hobetuko duzu, korrika igeri baino azkarrago egiten delako", azaldu du Agirrek.
Joxe Agustin Esteban, igeri saioa egin ostean, itsaso zabalari begira (Onintza Lete Arrieta).
Omenduen artean, Esteban eta Garmendia
Igande honetan ere bat baino gehiago igoko da sari banaketako oholtza gainera, Balea igeriketa elkarteak omendu egingo dituelako Getaria-Zarautz 25 aldiz edo gehiagotan egin dutenak. Horien artean daude Esteban eta Garmendia, baina luzea da zerrenda: Eva Ugarte, Arantxa Urbieta, Amaia Arruti, Garbiñe Zulaika, Manuel Aranguren, Cristobal Rochas, Angel Rochas, Pedro Aiestaran, Ramon Ugarte, Iñigo Ugarte, Igor Urrutxe, Fernando Eizagirre, Aitor Argarate, Jesus Gorospe, Jose Ignacio Luzuriaga, Alex Zabala, Edorta Badiola eta Santi Mariezkurrena izango dira omenduak.
Eta, horiez gain, aipamen berezia egingo diote igerilari bati: Carlos Santana donostiarrari. Izan ere, itsas zeharkaldiaren edizio guztiak egin ditu, eta igandean ere etortzekoa da, adin handia duen arren. Baleako kideek ere azpimarratu dute haren balentria.
Aurten larunbateko eta igandeko probetan 3.200 igerilarik hartuko dute parte, eta ikuskizunaz gozatzera gerturatuko diren ikusleak ez dira izango gutxiago.
Zarautz-Mollarri-Zarautz larunbatean 11:30ean hasiko da moilan, eta toki berean amaituko da. Igandean, berriz, 10:00etatik aurrera umeek egingo dute moilatik hondartzarainoko buelta (400 metro), eta 10:15ean hondartzan bertan (800 metro). Azkenik, 11:30ean hasiko da 50. Getaria-Zarautz, Getariako moilatik Zarauzko hondartzara.
Azken horretan izango dira Txiki Politen kafea hartzen egon diren Baleako partaideak eta beste asko. Hori bai, igandean bazkaldu egingo dute kafea hartu ordez. Kafea hartuko dute astelehenean ere, eta asteartean, eta asteazkenean...