Hasi dira 2022ko traineru ligak, eta aurreneko garaipenak iritsi dira eskualdeko klubetara. Eusko Label, Euskotren nahiz KAE1 ligetan banderak lortu dituzte Oriokoek, Zarauzkoek eta Zumaiakoek, eta hainbat arraunlarirentzat aurreneko lorpena izan da, gainera, traineru barrutik bizi eta beren paladekin eskuratutakoa. Arraunlari horietako lau dira Orio Arraunketa Elkarteko Nagore Urdapilleta eta Xabier Manrique, eta Zarautz Arraun Elkarteko Ioritz Zubillaga eta Mikel Etxabe. Bakoitzari norbere arraun ibilbideko momentu desberdinean iritsi zaio lehen trapu preziatua.
Urtebetetze oparia
Bidania-Goiazkoa da Nagore Urdapilleta, eta handik joan-etorriak egiten ditu astean sei bider Oriora. Zortez, lan ere bertan egiten du. "Bestela ezingo nukeen ziurrenik", aitortu du. "Bizi, Bidanian bizi naiz, baina bizitza Orion egiten dut". Joan den asteburua berezia izan da beretzat, Orioko elastikoarekin jokatutako lehenbiziko ligako aurreneko estropadak izan baitira. Igandean, 22 urte bete eta hurrengo egunean, iritsi zen oparirik onena: banderarekin etxeratu zen Donostiatik. "Uste dut oso jende gutxik esan dezakeela halakorik", esan du pozarren. "Oso eskertuta nago, amets bat bete dut", gaineratu du.
Popaldean –patroiaren aurreko eserlekuan– jokatu zuen estropada. Irabazi zutela ohartutakoan, nekeak ahaztu eta besoak altxatuta ibili zela gogoratu du. "Ez dakit nola, hamar segundo aguantatu nituen, eta ondoren, nekeak gain hartu zidan, zizko nengoen. Aldi berean, satisfazio puntua neukan; gauzak ondo egin genituen eta horrela segitzeko gogoa sentitu nuen, paladaz palada, aurrera egitekoa edozein estropadatan, igandean bezala, gure onena eman eta gauzak ondo ateratzeko esperantzarekin".
Egunean bertan etorri zen zaletuen esker ona ere. "Errezibimenduan zer sentitzen den ezin da azaldu hitzez. Nik beti behetik gora begiratuta bizi izan nuen, inoiz ez han goitik plazara begira; beste errespetu bat ematen du horrek. Igandean mutilek eta guk irabazita, euria egin arren plaza beteta zegoen, eta barrena modu berezian mugitzen dizu".
Tolosan hasi zen arraunean 13 urterekin, eta han trainerua atera eta ETE ligan hasi zirenean, traineru nagusian ibili zen bi urtez; azken urtean Patxi Frances entrenatzailearekin aritu zen, 2019ko denboraldian. "Gero, ikasketak tarteko, arrauna utzi behar izan nuen. Eta iaz, irakurri nuenean Patxi Oriora zetorrela, txantxetan esan nuen agian arraunera bueltatuko nintzela Oriora. Eta, hasieran txantxetan zena, azkenean gertatu egin da", esan du irribarretsu. Entrenatzaile ona deritzo Francesi. "Oso-oso gustura nago entrenatzailearekin, bai taldea gidatzeko duen eragatik, bai entrenatzeko moduagatik".
Arraunetxe kanpoan, errioari begira, tokiaren eta herriaren berezitasunaz mintzatu da, baita ametsez ere. "Egia esan, egunero-egunero honetaz gozatzea nahi nuke. Noski, Kontxa irabaztea bada amets bat, eta liga irabaztea eta talde honetan jarraitzea ere bai, baina orain nire ametsa hori da; izan ere, guk aukeratutakoa izan arren, egunerokotasunean karga handia eta gogorra da. Horregatik, oso inportantea iruditzen zait egunerokoaz gozatzea".
Aurten aldaketa asko egon dira traineruan, baina hala ere talde indartsua osatu dutela uste du, eta emaitzak hala erakusten ari direla.
Itzuleran, saria
Xabier Manrique donostiarra arrauna utzita zegoen, eta aurtengo denboraldian ekin dio berriro. "Beti Orion ibili izan naiz, harrobikoa naiz", hasi da kontatzen. "2012an hasi nintzen arraunean, sanikolasetan, 19 urterekin". Amonaren aldetik oriotarrak ziren, eta osabaren lagun batek proposatu omen zion arraunean hastea. "Igor Makazaga entrenatzailearekin hitz egin nuen, eta hala hasi nintzen. Pixkanaka lekua egiten joan nintzen, eta azken urtean, Salsamendirekin, B trainerutik lehenengora salto egin nuen, 2017an".
Zazpi estropada jokatu zituen Manriquek denboraldi hartan. Ligan lau bandera irabazi zituen Oriok, baita Gipuzkoako Txapelketa eta Kontxa ere, "baina estropada haietan ni ez nintzen traineru barruan".
Aurreko asteburura etorrita, donostiarrak ondo gogoan ditu Bilboko estropadako azken minutuak: "Donostiarra, ziabogan kateatu zen arte, bi segundo aurretik zihoan, baina gero guk hartu genien aurrea, eta azken luzean bi-lau segundo jarri ginen aurretik, eta ikusi genuen irabaz genezakeela". Dena den, estropada bukatu eta denborak ikusi arte ezin ospatu. "Kristoren ilusioa sentitu nuen orduan, aurreneko bandera delako, eta lau denboraldiz arraun egin gabe egon ondoren, aurten urtarrila erdialdean hasi eta sei hilabete entrenatu eta aurreneko estropadan bandera irabazteagatik. Egunero egindako lanak eta esfortzuak pena merezi dutela sentitzen duzu".
Traineruan arraun eginda bandera irabazteak zapore hobea uzten duela kontatu du Manriquek. "Zure bandera dela sentitzen duzu. Kanpoan zaudenean, badakizu zure lanak ere eraman duela taldea garaipenera, baina ez da gauza bera. Ilusio gehiago egiten dizu barruan zaudenean".
Dena den, joan den asteburukoa ez du izan errezibimendu bereziena. "2017an dezentetan igo nintzen balkoira, eta Kontxa irabazi genuenean, 10 urteren ondoren, sekulako festa izan zen", gogoratu du.
Donostiarrak argi du zein den bere ametsa: "Amets handiena Kontxa irabaztea eta barruan egonda irabaztea da. Arraunlari guztien artean hori izango da amets handiena. Aurten ikusteko dago zer gertatuko den, talde dezente gaudelako segundo gutxiko kontuan, eta talde denek gogor egiten dutelako lan". Manriquek azpimarratu du talde dezentek "diru asko" inbertitu dutela, eta horregatik, askotan zailagoa dela talde horien kontra jokatzea. "Oriok aurreko asteburuan harrobiko zortzi arraunlarirekin jokatu zituen estropadak, eta Donostiak birekin bakarrik, baita Urdaibaik eta Zierbenak ere. Hondarribia eta Orio gara harrobiko jende asko dugun bakarrak".
Baborretik ikustea garaipena
Ioritz Zubillaga ZAEko arraunlari zarauztarrak ez du ahaztuko Enbatak igandean Elantxobeko estropada irabazi zueneko unea. "Estropada bukatutakoan sentsazioa sekulakoa izan zen; gainera, baborrean egiten dut arraun, eta azken luzean San Pedro ikusten genuen baborretik, eta Elantxobeko joko eremua diagonala denez, nahiz eta gu aurretik joan, ez genekien zenbateko aldea zegoen. Gainera, atzetik hasi ginen, gero beren parean jarri eta azkenean aurreratu... Helmugara iritsi ginenean ikaragarria izan zen. Paregabea izan zen nola egin genuen atzetik aurrera", kontatu du.
Garaipenaren irakurketa sakonagoa ere egin du: "Lanak ondo ari gara egiten, eta denboraldian pixkanaka-pixkanaka emaitzak hobetzen ari gara eta estropada ia guztietan sentsazio oso onarekin ari gara gelditzen", azpimarratu du zarauztarrak. "Garrantzitsua da, gure konfiantza hobetzeko behar genuelako halako garaipen bat". Dena den, onartzen du oraindik denboraldia luzea dela eta ez dutela "erotu" behar garaipen batengatik.
Taldekide gehienak bezala, harrobikoa da Zubillaga, eta txikitatik dabil ZAEn, urtebetez utzita egon zen arren. Horregatik, errezibimendua momentu polita izan zela esan du. "Ikusita iaz gorengo mailatik jaitsi ginela, herrira berriro bandera ekartzea eta ikustea berriro hor gaudela borrokatzen eta gure herria animoak ematen ari zaizkigula, hori sentsazio paregabea da".
Aurrenekoz traineru nagusian
Aurten igo da Zarautz Arraun Elkarteko gizonezkoen lehen trainerura Mikel Etxabe zarauztarra. Orain hamarkada bat probatu zuen arrauna, 11 urterekin, eta orduztik, klubean ibili da beti, Zubillaga bezalaxe.
Etxabek igandean jokatu zuen aurreneko aldiz estropada bat KAE1 ligan, eta banderarekin etxera itzulita, pozarren da. "Oraindik sinistu ezinik nago. Estropadan ia momentu oro San Pedroren atzetik joan ginen, eta guk ez genekien arren, Zumaia ere aurretik zegoen hirugarren ziabogara arte. Azken luzean ikusten genuen San Pedro hortxe zegoela, eta sinisten hasi ginen irabazteko moduan ginela. Baina bukaerara arte ez genuen irabazi, oso parean joan ginen, eta irabazi genuela ikusitakoan poz handia sentitu nuen, emozionatuta egon nintzen". Izan ere, txikitatik izan dituen bi amets bete ahal izan zituen egun berean: "Batetik, A traineruan debutatzea liga batean, eta bestetik, bandera irabaztea".
Amets gehiago ere baditu aurtengo denboraldiari dagokionez. Aurrera begira, momentuz ez du helburu eta nahi zehatzik. "Oraingoz, konformatzen naiz banderak irabazten segitzearekin; ez litzateke albiste txarra izango!".
Banderak irabaziz gero, joan den igandean bezala, herritarren eta udalaren harrera jasoko lukete. Hori ere aurreneko aldiz ospatu ahal izan zuen protagonista gisa, "orain arte beti ikusle moduan joan izan garelako". Etxabek azaldu du "oso pozik" jaso zutela errezibimendua, eta "herriari oso eskertuta" daudela.
Datozen asteetako estropadek esango dute bandera gehiago etxeratuko dituzten ala ez Etxabek, Zubillagak, Manriquek eta Urdapilletak.