Irmoki gaitzetsi dute Zarautzen asteburuan salatutako erasoa

Amaia Urbieta Arruti 2022ko uztailaren 6a

Lege Zaharren Enparantzan bildu dira erakundeetako ordezkariak eta hainbat herritar, 'EZ beti da EZ!!!' dioen pankartaren atzean.

Elkarretaratzea egin dute eguerdian udaleko eta aldundiko ordezkariek nahiz hainbat herritarrek, asteburuan Zarautzen salatutako sexu erasoa irmoki gaitzesteko. Jesus Arana jarduneko alkateak azaldu duenez, protokoloa aktibatu eta bozeramaileen batzordean aho batez onartu zuten atzo publiko egin zuten adierazpen instituzionala. Udalaren izenean, elkartasuna erakutsi nahi izan diote biktimari, eta jakinarazi du eskura dituela udalaren zerbitzu guztiak. "Irmoki gaitzesten dugu gertatutakoa. Onartezina da pertsona baten giza eskubideak zanpatzea, eta ezin dugu onartu hori ez gizarte bezala, ez erakunde bezala", gaineratu du.

Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako zuzendariak gogorarazi du duela hilabete eskas indarkeria matxistaren aurka egiteko konpromisoa hartu zutela lurraldeko udalerri askok, herriko jaietara begira. Erantzun publiko eta instituzionalarekin hiru helburu lortu nahi dituztela nabarmendu du: emakume biktimari babesa ematea, herritarrak sentsibilizatzea, eta erasoa gaitzestea.

Udaleko Parekidetasun zinegotzi Gloria Vazquezek gaineratu du indarkeria matxista gizartearen "arazo estrukturala" dela, eta zuzenean emakumeei eragiten diela. "Jarraituko dugu Parekidetasun departamendutik lanean lakra honekin bukatzeko", gaineratu du.

Gaur arratsaldean ere mobilizazioak

Herriko mugimendu feministak ere egin du deialdia gaur arratsalderako, Eraso sexistarik ez, autodefentsa feminista lelopean.

Zehazki, Morroxkek, Zarauzko Bilgune Feministak eta Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak sinatu dute deialdia, eta bi hitzordu zehaztu dituzte: 18:30ean asanblada egingo dute "emakume, trans eta bollerentzat" , eta 19:30ean, berriz, herri agerraldia.  Emakumeen* Etxearen kanpoaldean izango dira bi hitzorduak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide