Estatxa askatzeko prest

Gorka Peñagarikano 2022ko uztailaren 1a

Nerbioi itsasadarrean ekingo diote Eusko Label eta Euskotren Ligari, bihar. Igandean, berriz, Kontxako badian izango da lehia. Gogotsu dira Orion sasoia hasteko; ilusioz, Getarian.

Oriotarrek ongi asko ezagutzen dute zer den ibaian arraun egitea; nahitaez, beti, lehen paladak badira ere Oriaren itsasadarrean ematen dituzte eta. Denboraldia hasi bezperatan, UROLA KOSTAKO HITZA arraun elkartera gerturatu zaienean, aurretik karga handiko entrenamendua prestatu diela azaldu die Patxi Francesek; urrutira joan gabe, hara eta hona aritu dira ur-gainean, errioan gora eta behera. Aurtengo ligako estreinako estropada Nerbioi itsasadarrean (Bizkaia) izango da, eta ez dute hutsik egin nahi mirotzek. Aro berri baten hasiera dute gainera, Tolosatik Oriora itzuli baita Frances, Xanti Zabaletaren hutsunea betetzera.

Aurkariei erreparatu baino, jakin badaki Itxaso Azkonobieta (Orio, 1997) arraunlariak, eskifaiak lehenik bere lana txukun osatu beharko duela. Watio askoko estropada izango da, eta denboraldi aurreko antzerako saioetan ikusitakoagatik behintzat, bandera eskuratzeko hautagaien artean dago Orioko trainerua. Emaitza horiei ez die gehiegi erreparatu nahi Azkonobietak: "Bilbora arte zain egon behar dugu; izan ere, elkarte bakoitzak bere erara prestatzen du bere denboraldiaurrea". Estrategia kontuak ere badirela tartean, alegia.

Orioko emakumezkoen trainerua uretara bidean. (Gorka Eizagirre)

"Ez dakit nik ere nolakoa espero den liga hasiera", adierazi du Ibon Arruti Aldape (Orio, 1987) arraunlari mirotzak. Talde barrura begiratuta, hori bai, ustez indartsu helduko direla uste du. Matematika lanak behin estropaden lehen asteburua igarota egiten hastekoaren aldekoa da Arruti, izan ere, ezustekoak egon daitezke tartean; bada lehen estropadatan oso atzean geratu eta abuzturako punta-puntan kokatu izan den trainerurik. Dena den, argi esan du Arrutik, lehen puntuek azkenekoek bezainbesteko balioa dutela. Lehen pala-kolpetik azkenekora, hortzak estutu behar dira. Are gehiago akaso, biharko estropadan: "Watio aldetik, talde bezala ez gara bereziki indartsuak, aurten gainera nabarmenago, baina arraunean ondo ari gara, eta txalupa azkar jartzea da gakoa".

Egokitze lanak

Negua ez zaiela samurra izan aitortu dute Francesek nahiz Arrutik, aldaketa dezente izan baitira. Orion emakumeetan "traineruaren bizkarrezurra mantentzea" lortu dute Azkonobietaren arabera, baja bezainbeste alta izan baitituzte. Taldea aldatu da, baina Orioren azken urteotako mailari eusteko pronto dira. Aldiz, aurpegian nabarmendu egin zaio kezka Arrutiri, Orioko gizonezkoen traineruaren egokitze lana nolakoa izan den galdetuta. Urteetan tosta finkoa izan duten horien hutsunea sumatu du neguan Orioko arraunlariak, baina trainerua, gaur egun, ondo zehaztuta eta egonkortuta dago haren hitzetan, fitxaketa bakanen bat egin eta harrobitik gazteak igota.

Getariako Esperantzan ere, fitxaketak hiru hatzekin zenba daitezke. Izarrik ez, hala ere: izarrak herrian bertan daudela diote getariarrek, harrobian, elkartean. Laugarren denboraldia du honakoa Ion Larrañaga prestatzailearen Getariako aroak, eta hainbat detaile findu bai, baina beste munduko ezer ez diote egin Getariako traineruari.

Ilusio berezia

Zumaiarra izan arren, oso etxekoa da dagoeneko Mattin Etxaniz (Zumaia, 2001), eta oso etxeko sentitzen du Getariako Arraun Elkartea. Izan ere, Larrañagaren proiektua hastear zela iritsi zen, gazte-gazte, eta etxean bezala hartu zuten, besozabalik. Kuadrillaren jarraipena bertatik bertara ezagutu eta bizi izan du Etxanizek: "Eboluzioa sekulakoa izan da: hasi ginen urtean, bandera bat irabazi eta ezin genuen sinetsi". Aldiz, iaz, begiz jota zuten igoera fasera heldu eta ametsa gauzatzea lortu zuten. Punta-puntako lehiara heltzea amesten zuten noski, baina Getarian, eta batez ere arraun elkartean galdetuta, haratago doa kontua: "Beste elkarteekiko ezberdina da, herriko jendearekin eta Getariako herriaren bultzadarekin heldu gara honaino".

Iritsi ez ezik, jarraitu ere hala jarraituko du aurten Getariako Arraun Elkartek. Honezkero mila bider emango zizkien eskerrak arraunlariei Xabier Goikoetxea elkarteko presidenteak. Iazko talde-bloke berak jarraitzen duelako, gustura da kluba. Izan ere, nabarmena da datua: tostartean ariko diren hogei lagunetik hamazazpi etxekoak dira. "Horixe gara gu".

Hala eta guztiz ere, berri on batek txarra ere ekar dezake ondotik. Albo-kalteren bat, behintzat. Makina bat urte pasatu dituzte trainerua osatzeko lanetan, urtarrilera edo otsailera heldu arte askotan. Eta osatzeko jende beharra ez bazen ere, justukoak zeudelako arraunlari gehiagoren bila aritu izan dira Getariakoak. "Aurten halakorik ez, zorionez, baina bat edo beste kanpoan utzi behar izan ditugu, eta horiei eskerrak eman nahi dizkiegu", esan du Goikoetxeak. Larrañaga prestatzailearen lehen urtean hamabost laguneko kuadrilla ziren; hau da, estropada bakoitzean lehorrean arraunlari bakarra geratzen zen.

Estropadaz estropada

"Ea gure atzetik bi traineru uzteko gai garen", jarri dute helburutzat Getariakoek, bai Etxanizek, baita Goikoetxeak ere. Zalantzati itxura eman dute kamera aurrean; itxaropentsuago agertu dira bai, gutxienez, mikrofonoak itzalita. Mailari eusteko borondate, esperantza eta ilusio guztia dute Getariako arraunlariek, eta herria atzetik izatea ere espero dute; bereziki iaz Portugalete (Bizkaia) eta Bermeoko (Bizkaia) azken estropedatan gertatu zen bezala.

Estropadaz estropada, borroka latza aurreikusten du Goikoetxeak lehen eta bigarren txandan. Oilar nagusiak atzetik ikusiko dituztela argi du, nahiz eta denboraldi aurreko emaitzetan, hain urrun ez diren kokatu. Galiziakoak ez dituzte lehian ikusi oraindik, baina bai Cabo eta bai Ares, ohiko legez indartsu eta egonkor aritzea espero dute. "Isuntzarekin eta Ondarroarekin parez pare ikusi gara hainbat lehiatan, baina nork daki, emaitza horiek punturik ez baitute ematen; orain hasten da lehia". Gerra emateko pronto dira, Getariako Esperantza-n.

Oilarren artetik, bada bat eror daitekeena: Santurtzi. Dena irabazi arren, ekonomikoki asko ahuldu dela aski jakina da eta ikusteko dago oraindik non koka daitekeen. Oriokoek, horri erreparatu gabe, beste ohiko hirukotea jarri dute jomugan: Hondarribia, Urdaibai eta Donostiarra. "Guk gure matematikak alde egin ditzakegu, eta gure asmoa da hiru horiekin batera lehian murgiltzea", dio Arrutik. Ohorezko txandari heltzea da Orioko gizonezkoen traineruaren helburua.

Txanda bakarrarekin aurten azkenekoz ariko dira emakumezkoak Euskotren Ligan. Batez ere hiru elkarteren arteko lehia oso gogorra ikusi zen iaz, eta aurten bide bera jarraituko dela aurreikusten du Azkonobietak: «Bilboko estropadara punta-puntan helduko gara lau traineruak, eta itxura du horrelakoa izango dela denboraldia; maila oso altuko lau traineru gara». Hondarribiak kategoria galdu eta egun Oriokoen prestatzaile den Francesek iaz Tolosaldea aurrenekoz gorenera eraman zuen. Talde gaztea direla dio Azkonobietak, baina erreparoa ere badie, denbora esanguratsu eta onak egin baitituzte.

Euskotren eta Eusko Label ligen egutegia

  • Bihar, larunbata. Bilboko Bandera.
  • Etzi, igandea. Donostiako bandera.
  • Uztailak 9, larunbata. Coruñako Bandera lehen jardunaldia.
  • Uztailak 10, igandea. Coruñako Bandera bigarren jardunaldia.
  • Uztailak 16, larunbata. Orioko estropadak.
  • Uztailak 17, igandea. Zierbenako Bandera.
  • Uztailak 23, larunbata. Sestaoko Bandera (Eusko Label Liga).
  • Uztailak 24, igandea. Santurtziko Bandera
  • Uztailak 30, larunbata. Getxoko estropada.
  • Uztailak 31, igandea. Lekeitioko Bandera.
  • Abuztuak 6, larunbata. Hondarribiko bandera.
  • Abuztuak 7, igandea. Getariako Bandera.
  • Abuztuak 13, larunbata. Ondarroako Bandera.
  • Abuztuak 14, igandea. Castro Urdialeseko Bandera.
  • Abuztuak 20, larunbata. Zarauzko Bandera 1. jardunaldia.
  • Abuztuak 21, igandea. Zarauzko Bandera 2. jardunaldia.
  • Abuztuak 27, larunbata. Aresko Bandera (Eusko Label Liga).
  • Abuztuak 28, igandea. Boiroko Bandera (Eusko Label Liga).
  • Irailak 17, larunbata. Bermeoko Bandera eta play off-a.
  • Irailak 18, igandea. Portugaleteko Bandera eta play off-a.

Donostiako Bandera

  • Irailak 1. Sailkapen estropada.
  • Irailak 4. 1. jardunaldia.
  • Irailak 11. 2. jardunaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide