"Ahalegin berezia" eginez, udako agenda oparoa prestatu du Zarauzko Udalak

Aritz Mutiozabal 2022ko uztailaren 1a

La Oreja de Van Gogh, Zetak, Esne Beltza eta Celtas Cortos taldeek joko dute Aste Nagusian. Aurtengo udak "zapore ahaztezina" utziko duela dio Xabier Txurrukak.

"Aurtengoa ez da nolanahiko udara izango". Xabier Txurruka alkateak halaxe azpimarratu du Zarauzko Udalak aurtengo uda sasoirako prestatu duen programazioaren aurkezpenean. Pandemiak eragindako "bi urte gogorren" ondoren, udalak "ahalegin berezia" egin duela aditzera eman du, herriko hainbat talde, elkarte eta eragilerekin elkarlanean. Hori horrela, ekitaldiak berriro kalera eta plazetara aterako dituzte, inolako mugarik gabe, eta adin guztietako herritarrei zuzendutako egitarau oparo eta zabalarekin. "Ziur nago aurten ere udak une ahaztezinak eta aho zapore ona utziko dizkigula denoi", nabarmendu du.

Azken urteetan, amarbirjinetako Aste Nagusiko kontzertuek interes eta jakin-min berezia sortu dute herritarren artean, kalitatezko proposamenak ekarri direlako. Alkateak adierazi du hainbat izan direla aurten zein taldek joko duten galdezka joan direnak udalera. Zentzu horretan, "garbi geneukan pandemiako bi urteak pasatu eta gero, udalak esfortzu berezia egin behar zuela, jendea festak bizitzeko gogotsu dagoelako". Abuztuaren 14tik 19ra bitartean, ondorengoen emanaldiak izango dira Dama pareko agertokian: La Oreja de Van Gogh, Trio Medianoche, Zetak, Esne Beltza eta Celtas Cortos.


Uda bete ekitaldi

San Pelaio jaiak amaitzearekin batera, udako egitaraua abian da jada. Kalerki jaialdiko lehenengo emanaldiak eskaini dituzte eta asteburuan Txaparrotan nahiz Halterofiliako Zarautz Saria kirol hitzorduak izango dira Zarautzen. Irune Urbieta Kultura zinegotziak eta Leire Arana Kirol zinegotzi eta Turismoko jarduneko zinegotziak hurrengo bi hilabeteetan izango diren ekitaldien berri eman dute.

Ez dira faltako ohiko kultur hitzorduak. Ostegunetako Antzerkia Familian programako saioak, Villa Manuelako frontoian; uztailaren erdian egiten den Adarretatik musika jaialdia; eta abuztuko Udako Musikaldia, aurten Santa Klarara lekualdatuko dute, eta ostiraletan izango dira kontzertuak.

Hainbat kirol ekitaldi izango dira astez aste, baita auzotako jaiak ere: Vista Alegrekoak, uztailaren 8tik 10era, eta Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldekoak, abuztuaren 10etik 13ra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide