Bi urteko etenaren ostean, joan den igandean jokatu zuten Etxaurin (Nafarroa) Etxauriko Harri Zaharraren Jasotze Txapelketaren XXVII. edizioa. 2019an jokatu zuten azken aldiz 136,5 kiloko Etxauriko harri zaharrarekin egiten duten txapelketa, Alberto Lakostaren omenezkoa; eta orduan bezala, 2022koan ere Aimar Irigoien errezildarra nagusitu da. Plazetatik aparte samar ibili da aspaldian Irigoien, baina sasoian dagoela erakutsi zuen herenegun Etxaurin. Izan ere, aise irabazteaz gain, txapelketaren marka berria ezarri zuen, bost minutuko saioan Etxauriko Harria hemezortzi aldiz jasota.
Irigoien da Etxauriko Harriaren Txapelketan garaipen gehien dituen harri-jasotzailea, eta berak zuen lehendik ere markarik onena, hamazazpi jasoaldirekin; 2013an ezarri zuen aurreko marka, baita 2017an eta 2019an berdindu ere.
Bostetik lau, eskualdekoak
Bost harri-jasotzaile lehiatu ziren igandean Etxaurin, eta Sergio Mielgo madrildarra izan ezik, gainerako guztiak Urola Kostakoak ziren: Jokin Eizmendi zarauztarra sailkatu zen bigarren, hamasei jasoaldirekin; Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra hirugarren, hamabi jasoaldirekin (Mielgok bezainbeste); eta Koldo Royo Lartain zarauztarrak itxi zuen sailkapena, bost altxaldirekin.
Datorren igandean izango da Aimar Irigoien berriro lanean ikusteko aukera. Errezilen, San Antonio jaien barruan, taldekako pentatloia jokatuko dute, eta han parte hartuko du harri-jasotzaileak.