Trenbidea Lurperatzearen Aldeko Plataformak bilera egingo du hurrengo asteazkenean

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ekainaren 9a

Hainbat auzotako bizilagunekin bildu ostean, erdigunean bizi direnei dei egin diete datorren asteazkeneko bilerara bertaratzeko.

Trena lurperatzearen aldeko plataforma bilerak egiten ari da auzoz auzo herritarrei prozesuaren inguruko informazioa emateko. Dagoeneko Mitxelena, Vista Alegre, Itxas Mendi eta Iñurritzako auzoetako herritarrekin egin dituzte bilerak, eta datorren asteazkenean, ekainaren 15ean, Gaztelekuan egingo dute hurrengo bilera, erdiguneko herritarrekin. 18:30ean jarri dute hitzordua.

Jakinarazi dutenez, Zarauzko trenbidearen historia errepasatuko dute bileran, eta azken urteetan lurperatzearen alde emandako pausoak azalduko dituzte, baita aurrera begira plataformak eman asmo dituen pausoen berri eman ere.

Sinadura bilketa ere martxan jarri du plataformak, change.org plataformaren bidez. Albiste hau idatzi den unean 467 lagunek egin dute bat eskaerarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide