Burujabetzaren bidetik. Bakoitzak urraturik berea, denon artean geurea liburu kolektiboa
aurkeztu zuen Oreki Fundazioak joan den ostiralean, Hernaniko Orona Fundazioaren Areto Nagusian. Mondrago Unibertsitateko irakasle Andoni Eizagirre zarauztarrak koordinatu du liburua, Deustuko Unibertsitateko irakasle Ion Muñoa Azpeitiko bizilagunarekin batera, eta adierazi zuten "talde lan luze eta emankor baten emaitza" dela honakoa.
Liburuaren jatorria 2018an egindako herrigintzari buruzko mintegi batean dago eta hango gogoetetatik tiraka ondu dute proiektua. Sarrera eta epilogoa beraiek idatzi dituzte, baina gainerakoan, 22 egileren idatziez osatuta dago bilduma; hau da, "izaera eta ezaugarri ezberdinetako ekarpenez".
Eizagirrek liburuan jasota dauden ideia nagusiak azaldu zituen aurkezpenean, eta azpimarratu zuenez, "liburuak euskal esperientzia historikoaren zentzua gaurkotu nahi du, egungo eta
etorkizuneko erronkei argi egiteko asmoz". Bere esanetan, "gure aurrekoei arreta ipiniz
gero, badira ikasgai on askoak, gurea bezalako ziurgabetasun giroan gizatasunez nola
jokatu erakusten digutenak". Gaineratu zuenez, "XXI. mendeak ez luke zertan ezberdina izan.
Gaur egunean ere hurbilketa konparatzaileak berresten digu oparotasun handieneko
eskualde eta herrialdeetan pertsonaren balioak, araubideak eta portaerazko jarraibideak
zeinen garrantzitsuak diren berrikuntza, ongizatea eta kohesioa herribideratzeko".
Horiek kontuan hartuta, Eizagirrek adierazi zuen "euskaldunok besteei entzuteko eta besteetatik
ikasteko bokazioa izan dugu, bai eta gurea ulertu eta berritzekoa ere" eta horregatik, bere
hitzetan liburu honetara "aurrekoei entzun, zentzua eman eta gaurkotzeko gogo-aldarte
gizatiarrak ekarri gaitu". Egilearen ustez, liburuan agerian geratzen da “gerogintzaren
asmotan, esperientziaren zentzutik asko ikas genezake, ostera ere etorkizuneko galdera,
erronka eta zeregin berrien aurrean gure burubide eta jokabideek gizabidez eta
eskuzabaltasunez arituta guztiontzat erantzunak bilatzen jarraitu dezaten".