Ekitaldi berezia prestatu du Zelai Ondoko Bol&Tok kirol klubak igande honetarako. Duela urte bat eta hilabete batzuk minbiziagatik zendu zen Ane Agirre taldekidea gogoan, haren oroimenezko bolo txapelketa antolatu dute. Zelai Ondoko bolatokian izango da txapelketa eta, eguraldi txarra egingo balu, Aiako bolatokian jokatuko lukete, estalia baita hura.
Egunean bertan eman beharko da izena, 10:00etatik aurrera. Txapelketa bi kategoriatan banatuko da: batetik, federatuak egongo dira eta, bestetik, federatu gabekoak. Sariak ere bi multzotan banatuko dituzte.
«Berak animatu gintuen bolotan hastera», azaltzen dute Agirre oroituz Elena Aldazek eta Nerea Uriartek. Duela urte batzuk gizonezkoak bakarrik zeuden elkartean, baina ikusita lehiatzera joaten ziren herrietan hainbat emakume ere aritzen zirela, inguruko andreak konbentzitu nahian hasi ziren. Jasone Erkizia animatu zen lehenengo, eta hari jarraika Arregi bera ere hasi zen jokatzen. «Segurakoa zen izatez Ane [Arregi], eta herrian eta familian bolotarako tradizio handia izan zuen. Horri tiraka hasi zen bolari, eta ikusi genuen bazuela garra», dio Erkiziak. Gainontzekoak animatzen ere saiatua zen Arregi: «Ia arratsaldero ipintzen zuen WhatsAppeko taldean: ‘Joango al gara bolatokira?’», esan du Aldazek.
Kirola eta jaia
Kirol hitzorduaz gain, jai giro apur bat ere sustatu nahi dute igandean. Federatuen txandaren ostean, animatzen den herritar orok edukiko du parte hartzeko aukera –aurrez izena eman beharko da txandak antolatzeko–, eta hamaiketakoa egiteko aukera ere izango da, Zelai Ondon bertan. «Agirreren familiakoek eta lagunek esan digute bertaratuko direla, eta giro polita sortuko dela espero dugu», diote kirol klubekoek. Batez ere, emakumezkoak animatzea nahi dutela azaldu dute Bol&Tokekoek.
Antolatzaileek azpimarratu dute laguntza handia eskaini dietela txapelketa antolatu ahal izateko herriko hainbat taberna zein dendak, eta horiei oso eskertuta agertu dira.
Gainera, Agirreri keinu eginez, sari nagusiaz gain, eguzki lore itxurako oroigarria ere irabaziko du txapeldunak. «Apur bat sorgina zen Ane, eta eguzki lorea izugarri gustatzen zitzaion», dio Erkiziak. Gainontzeko sariak hauek izango dira, lehen emakumezko zein gizonezkoentzat: irabazleek 80 euro, garaikurra eta produktu sorta; bigarrenek, 60 euro eta produktu sorta; hirugarrenek, 40 euro eta produktu sorta; eta laugarrenek, 20 euro eta produktu sorta. Federatu gabeen artean, hiru sari hauek izango dira: lehenarentzat Olatu Gain erretegian bazkaria, bigarrenarentzat Zelaitxo tabernan bazkaria eta hirugarrenarentzat Aurrera tabernan bazkaria