Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia urteko kirol ekitaldi klasiko bat da, eta 50 urte beteko ditu aurten. Uztailaren 23 eta 24ko asteburuan jokatuko da, eta egingo diren hiru igeriketa probetan 4.000 lagun inguruk hartzea espero du Balea Igeriketa taldeak. Oraindik izena emateko aukera dagoen arren, partaidetza mugara iristear dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Zarautz-Mollarri-Zarautz zeharkaldi luzearekin ekingo diote asteburuari, hilaren 23an; 11:30ean hasita, 5.000 metroko distantziako proba osatu beharko dute igerilariek. Igande goizean, hilaren 24an, bi proba jokatuko dira: 10:00etan, haur zeharkaldia eta 11:00etan, berriz, proba nagusia, 2.850 metroko Getaria-Zarautz zeharkaldia. Aurtengoa urteurren biribila izanik, ukitu berezia emango diote, ospakizun eta festa girokoa.
Hala, 25 ediziotan edo gehiagotan parte hartu duten hogei igerilari omenduko dituzte proba egunean oroigarri batekin. Horietako lau emakumeak dira –Eva Ugarte, Arantxa Urbieta, Amaia Arruti eta Garbiñe Zulaika–, eta hamasei gizonak: Jesus Mari Garmendia Xarpas, Manuel Aranguren, Cristobal Rochas, Angel Rochas, Pedro Aiestaran, Ramon Ugarte, Iñigo Ugarte, Igor Urrutxe, Fernando Eizagirre, Aitor Argarate, Jesus Gorospe, Jose Ignacio Luzuriaga, Alex Zabala, Edorta Badiola, Santi Mariezkurrena eta Jose Agustin Esteban.–. Era berean, aipamen berezia egingo diote Carlos Santana donostiarrari, orain arteko edizio guztietan parte hartu duen igerilariari.
Urtemuga oroitzeko solasaldia
Zeharkaldiaren aurkezpenarekin batera, ostiral eguerdian solasaldia egin zuten Cachi-Bachi elkartean probaren 50 urteak gogora ekartzeko, bertan antolatzaile eta parte-hartzaileekin. Bertan izan ziren Marina Fernandez Zarautz Balea Igeriketa Klubeko presidente ohia, Monica Urcelai Zarautz Balea Igeriketa Klubeko egungo presidentea, Pablo Cazalis klubeko kide eta probaren antolatzaile nagusia, Cristobal Rochas klubeko batzarreko kidea eta proban 25 aldiz parte hartu duena eta Nerea Murua, zeharkaldia hiru aldiz irabazi duen igerilari zarauztarra.