Teknologia berrien erabilera arduratsuari buruzko hitzaldi sorta antolatu dute Zarautzen

Aritz Mutiozabal 2022ko maiatzaren 10a

Gurasoei zuzendutako hiru saio antolatu dituzte hil honetarako, eta lehenbizikoa ostegun honetan izango da; solasaldiak Antoniano aretoan izango dira, 17:30ean. Izena aldez aurretik eman behar da bertaratzeko.

Teknologia berrien erabilera arduratsua sustatzeko asmoz, gurasoei zuzendutako hitzaldi sorta antolatu du Zarauzko Udalak. Guztira hiru saio eskainiko dituzte maiatzean zehar, Antoniano aretoan, 17:30ean hasita: lehena ezti egingo dute, hilaren 12an; bigarrena, hilaren 16an; eta hirugarrena, hilaren 26an. 

Solasaldi hauek adikzio kasuetan adituak diren Iñaki Martinez Aldanondo psikologo klinikoak eta Mikel Cerezo Ansoleaga gizarte-hezitzaileak eskainiko dituzte. Bertaratu nahi dutenek izena eman beharko dute aurretik, prebentzioa@zarautz.eus posta elektronikora mezu bat bidalita.

Ostegun honetan izango den lehen hitzaldirako helburu hauek zehaztu dituzte: babes faktoreak garatu eta arrisku faktorean murriztu; komunikazioa sustatu; jokaera arriskutsuak detektatu eta bizi izan dituzten egoera desatseginei aurre egiteko bideak zabaldu; ohiko arriskuak zeintzuk diren azaldu, eta haiek ekiditeko segurtasun eta pribatutasun baliabidez hornitu; elkarbizitza digital osasuntsu baterako beharrezko diren arauen inguruan hausnartu; eta pentsamendu kritiko bat garatzen lagundu.

Hurrengo bi saioetan desberdindu egingo dituzte edukiak, seme-alaben adinaren arabera. Maiatzaren 16koa Lehen Hezkuntzan seme-alabak dituzten gurasoentzat izango da, eta, besteak beste, honako gaiak izango dituzte hizpide: lehenengo mugikor-kontratua, erabilpen murrizketa, ordutegiak, edukiak, sare sozialak, udako antolakuntza eta seme-alaben garapen fasea.

Maiatzaren 26ko saioa, berriz,  nerabeak dituzten gurasoentzat, eta landuko dituzten gaiak ondorengoak: nerabezaroa eta identitatea, talde onarpena, pribatutasuna, sare sozialak, arriskuak eta abar.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide