Jasangarritasun Energetikoaren Jarduera Plana onartu dute, 2030erako hainbat helburu zehaztuta

Aritz Mutiozabal 2022ko maiatzaren 3a

Herriko 11 udal eraikinetako energia kontsumoa murriztuko dute, eta energia berriztagarriak sustatuko dituzte horietan. Era berean, argiteria publikoa berrituko dute. Plana osteguneko udalbatzarrean onartu zuten EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren aldeko botoekin.

Eusko Legebiltzarrak 2019an onartutako jasangarritasun energetikoaren legea onartu zuen, eta bertan hurrengo zortzi urtera begira helburu batzuk betetzeko erronkak zehaztu zituen: energia kontsumoa murriztea, energi berriztagarrien bidez energia sortzea, eraikin publikoen kalifikazio energetikoa hobetzea. Bide horretan, Zarauzko Jasangarritasun Energetikoaren Jarduera Plana 2022-2030 onartu zuten joan den osteguneko udalbatzarrean, EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren aldeko botoekin; Podemos Equo-Berdeak udal taldea abstenitu egin zen.

Iker Basurko Proiektu Estrategikoen eta Berrikuntzen zinegotziak azaldu zuenez, udalaren plan energetikoak hiru helburu jakin izango ditu 2030erako: administrazio publikoaren energia kontsumoa %35 murriztea urtean; eraikinek energia berriztagarriak izatea, gutxienez beraien kontsumoaren %32a hornitzeko; eta erakinen %40ak gutxienez B kalifikazioa edukitzea.

Plan honek jasotzen dituen jardueren artean, lehendabizikoa eraikin publikoetan egingo dituztela jakinarazi zuen Basurkok. Hain zuzen ere, herriko 28 udal eraikinetatik ondorengo 11 hauetan: Etxezabala, Portuetxe, Udaberri jubilatuen elkarte, Musika Eskola, Sanz Enea kultur etxe, Aritzbatalde kiroldegia, Orokieta berria, Orokieta zaharra, Asti kirol gunea, haurreskola zaharra eta haurreskola berria. Izan ere, kontsumo osoaren %85a eragiten dute horiek, eta kontsumoaren optimizazioa egiteaz aparte, energia berriztagarrien erabilera areagotzea sustatuko dute aipatu eraikinetan, energia kalifikazioa hobetzeko.

Bigarren jarduera argiteria publikoa berritzea izango litzateke, gaur egun %32ko kontsumo primarioa eta %45 kontsumo elektrikoa suposatzen baitute. LED argiteriagatik ordezkatuko dituzte egun daudenak. Horrek eta argiztapena ekuazio berriarekin erregulatu ahal izateak %73ko energia aurrezteko aukera emango duela azpimarratu zuen zinegotziak.

Udaleko automobil-parkearen inguruan, ondorengoa zehaztu dutela azaldu zuen Basurkok: “Kontuan hartu beharra egongo da herrian berritzen diren ibilgailu-flota, bai udalaren erabilerakoak bai autobusei dagokiena”. Hirigintza Plan Jasangarria aurrera doa une honetan, eta ildo beretik garatuko da udal automobil-parkeari dagokionez. Era berean, komunitate energetikoak ere kontuan hartu dituzte planean.

Zinegotziak aditzera eman zuen komisio tekniko bat eratuko dutela Jasangarritasun Energetikoaren Jarduera Planaren barruan egingo diren jarduerei jarraipena egiteko, eta gainerako udal taldeei egiten diren garapenen berri jakinarazteko.

Gehiago espero”

Podemos Equo-Berdeak udal taldeko Oihane Delgado izan zen planaren aurrean abstenitu zen zinegotzi bakarra. Bere esanetan, “herriaren egoera erreala zein den ikusita, plana ez da oso anbiziosoa, eta, egia esan, lan ona egin bada ere,gehiago espero genuen”. Plana soilik legera egokitzen dela iritzi dio koalizioak, eta herriko etxeetan “autokontsumoa” sustatu beharko litzatekeela nabarmendu zuen Delgadok: “Ez dago autosufizientzia energetikoaren aipamenik planean”.

PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezen ustez, ezinbestekoa da orain inbertitzea esparru honetan, etorkizunera begira jasangarritasuna bultzatzeko eta energia aurrezteko. “Bestalde, udal bezala ezin dugu udal eraikinetan jarri nahi diren energia fotovoltaikotik lortuko dena eraikinetara bakarrik bideratu, behar gehien duten herritarrei ere zuzendu behar zaie. Pobrezia energetikoari aurre egin behar zaio”, azaldu zuen Vazquezek.

EH Bilduko bozeramaile Itziar Muruaren iritziz, “ondo egindako analisia da eta planteatzen dituen hobekuntzak ere positiboak iruditzen zaizkigu. Beraz, lege hori betetzen lagunduko duten pausoak dira”. Energia egungo arazo handienetakoa dela zehaztu zuen Muruak, eta, zentzu horretan, plana ondo egon arren, “gehiago egin” behar dela udaletik: “Eraikin, ibilgailu eta argiteriatik harago, herrian eta herritarrengan eragiten hasi behar du udalak energia arloan, izan komunitate energetikoen bitartez izan teknologiaren bitartez”.

Iker Basurkok azpimarratu zuen “etorkizunera begirako plan estrategikoa” dela. Ez dela legea betetzeko plan hutsa, baizik eta proiektuan sinistu behar dela. “Autokontsumoa eta garatuko diren herritarrei zuzendutako beste proiektu batzuk ere aztertuko dira, baina nonbaitetik hasi beharra dago, eta udal eraikinek duten alferrikako kontsumoa murrizteak du orain premia. Zarauzko bizilagun guztiok ordaindu beharko ez genituzkeen tarifak pagatzen ari gara, are gehiago energiaren prezioa izugarri igotzen ari denean”.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide