Zarauzko Udalak Santa Klara komentuko ateak irekiko dizkie zarauztarrei, herriko ondarea den eraikin multzoa eta bere lursailak bertatik bertara ezagutu ditzaten. "Altxor hau eta bere sekretuak ezagutu dezagun denok", nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak, komentuko patio txikian gaur eginiko aurkezpen agerraldian. Horretarako, datorren ostegunetik hasita, maiatzaren 5etik, doako bisita gidatuak antolatuko dituzte datozen astetan."Une egokia da honakoa eraikineko ateak ireki eta 400 urtez Zarautzen bizi izan ziren klaratarren bizilekua nola zen jakiteko", zehaztu du Txurrukak.
Lau eraikinek osatzen dute arkitektura multzoak, eta alkatearen esanetan, "aukera paregabea" da Zarauzko ekipamendu sarea berrantolatzeko: "Etorkizunean pauso horiek eman nahi ditugu udaletik, baina horretarako, zer egin nahi dugun pentsatu aurretik, zer dugun jakin beharra dago. Horrexegatik, ate irekien jardunaldi hauek egingo ditugu, herritar guztiek ezagutu dezaten zer dugun".
Bisita gidatuez Arazi enpresa arduratuko da, eta, besteak beste, Santa Klara eliza, komentuko ataria, jantokia, lan gelak, mojen bizilekuak, klaustroa eta ukuilua ikusteko aukera izango dute herritarrek; komentu osoa ez dute erakutsiko, baina bai gune eta espazio nabarmenenak. "Dokumentazio lan honi garrantzia eman nahi diogu, eta elkarrizketatu ditugu Oñatiko Bidaurretako Santa Klaratako mojak, auzotarrak, herritarrak... Azken finean, komentuko klausuraren informazioa bildu nahi izan dugu, ondoren herritarrei kontatzeko", azaldu du Araziko kide Xabier Fernandezek
Bisitetarako erreserbak
Bisitetan parte hartu ahal izateko nahitaez izena aurretik eman behar dela zehaztu du
Irune Urbieta Kultura zinegotziak, eta horretarako aukera eta datorren astelehenetik aurrera jarriko da martxan; horretarako Kultura departamentuarekin (kultura@zarautz.eus/ 943-00 51 20) edo Turismo Bulegoarekin (turismoa@zarautz.eus/ 943-83 09 90) jarri behar da harremanetan.
Pertsona bakoitzak gehienez ere lau lagunentzat egin dezake erreserba, eta 14 urtez azpiko haurrek heldu batez lagunduta joan beharko dute. Behar bereziak dituzten pertsonek hala adierazi beharko dute izena ematerakoan, ibilbidea egokitu egingo baita hauen beharretara; edonola ere, komentuak badu igogailua. Bisiten iraupena ordubete ingurukoa izango da, eta aldi bakoitzean hamabost lagunetara mugatuko da.
Bisita gidatuak maiatzean eta ekainean egingo dituzte, asteartetik igandera, ondorengo ordutegietan: asteartetik ostiralera, 11:00etan eta 18:30ean euskaraz, eta 17:00etan gaztelaniaz; eta larunbat eta igandetan, 10:30ean, 17:00etan eta 18:30ean euskaraz, eta 12:00etan gaztelaniaz.