Atzo goizean hasi eta gaur eguerdira bitartean, hiru futbol txapelketa jokatu dituzte Astin. Lehiari ekiten aurrenak alebin mailako mutilak izan ziren, 2010ean jaiotakoak hain zuzen. Atzo 09:30etan hasi ziren XVI. Jose Angel Iribar Txapelketa jokatzen, eta 14:30ak aldera bukatu zuten txapelketa. Denera hamasei taldek parte hartu zuten: Zarautz (A, B eta C), Andoaingo Euskalduna, Lekeitio, Ordizia, Reala, Aretxabaletako UDA, Ondarroako Aurrera, Athletic, Donostiako Lengokoak, Errenteriako Touring, Oiartzun, Zumaiako, Orioko eta Zizurkilgo Danena.
Athletic izan zen irabazlea, Reala gelditu zen bigarren, Errenteriako Touring hirugarren eta Zizurkilgo Danena laugarren. Atezain onena, berriz, Ondarroako Aurrera taldeko Ane Naberan izan zen, Jose Angel Iribarrek berak hala erabakita.
Nesketan, lehia estua
Arratsaldean, infantil mailako nesken txanda izan zen, 2008an eta 2009an jaiotakoena hain zuzen. 15:00etan hasita, III. Emakumezkoen Txapelketa jokatu zuten horiek. Hamabi taldek parte hartu zuten: Zarautz (A eta B), Reala, Tolosa, Irungo Mariño, Azpeitiko Lagun Onak, Zumaiako, Arnedo, Goierri Gorri, Orioko, Debako Amaikak Bat eta Martutene.
Seiko bi multzotan banatuta hasi zuten txapelketa, eta lehendabiziko kanporaketak gaindituta, lau talde onenek lortu zuten finalderdietarako txartela. Zarautzi Realaren kontra jokatzea egokitu zitzaion orduan, eta beste partidan, Azpeitiko Lagun Onakek eta Goierri Gorrik neurtu zituzten indarrak. Bereziki estua izan zen bigarren partida hori, markagailua hutsean zela bukatu zutenez, penaltietara erabaki behar izan baitzuten finalerako pasea.
Azkenean, Realaren eta Lagun Onaken artekoa izan zen finala, eta Zarautzek eta Goierri Gorrik hirugarren eta laugarren postuetarako partida jokatu zutene. Txapelketa Realarentzat izan zen, azpeitiarrak azpitxapeldun gelditu ziren, goierritarrak hirugarren, eta etxekoak laugarren. Txapelketako jokalaririk onenaren saria Goierri Gorriko Intza Arrondori eman zioten, parte hartu zuten taldeetako entrenatzaileek hala erabakita.
Infantil mailako mutiletan, Reala txapeldun
Azkenik, gaur, infantil mailako mutilak —2009an jaiotakoak— jardun dira nor baino nor XXIV. Gonzalo Urkia Txapelketan. 09:00etan hasi dute lehia honako hamabi talde hauek: Zarautz (A eta B), Reala, Andoaingo Euskalduna, Baztan, Elgoibar, Ondarroako Aurrera, Zumaiako, Donostiako Lengokoak, Lekeitio, Orioko eta Arnedo.
Denetan onena Reala izan da, Donostiako Lengokoak taldea gelditu da azpitxapeldun, Andoaingo euskaldunak hirugarren egin du eta Lekeitiok laugarren. Txapelketako jokalaririk onenaren saria Lekeitioko Giovani Aristikiri eman diote, klubetako entrenatzaileek hala erabakita.