Challenger-era sailkatuta, Nadia Erostarbe Australian hasiko da lehiatzen maiatzaren hasieran

Onintza Lete Arrieta 2022ko apirilaren 11

Surflari zarauztarra larunbatean iritsi zen Zarautzera Caparica Pro txapelketa jokatzetik. QSn Europako laugarren postuan da, eta txartela dauka Challenge-n jokatzeko. Australia du aurreneko geltokia.

Caparica Pron lehiatu da azken egunetan Nadia Erostarbe surflari zarauztarra, baina lasai aritu da txapelketan, jada eskuratuta zeukalako txartela Challenger-erako. QS zirkuituan Europako laugarren puntuazio onena lortu du, izan ere. Challenger-en, bost puntuazio onena duten surflariak igotzen dira CTra, hau da, maila altuenera.

Maiatzaren 7an hasiko da Challenger-a Australian, eta Erostarbek hamar bat egun lehenago hartuko du abioia entrenatzailearekin batera. Espero du Adur Amatriain zarauztarra ere beraiekin joatea. Hark oraindik ez du tokia bermatuta, baina Erostarbek uste du lortuko duela eta elkarrekin joango direla. "Aukera asko ditu sailkatzeko eta asko poztuko nintzateke, lagun onak garelako". Datozen egunetan argituko da hori.

Erostarbe pozarren da Australiara itzultzeko. "Bi urte dira joaten ez naizena. Hain justu, pandemia iritsi zenean hantxe nintzen, eta etxera itzuli behar izan nuen. Hortaz, oso gogotsu nago itzultzeko". Aurreneko proba Gold Coast-en du. "Snapper Rocks eskuineko olatu oso-oso ona da, eta gogotsu nago bertan lehiatzeko".

Zirkuitu oso luze baten hasiera da Australiakoa, guztira zortzi proba egingo baitituzte munduko hainbat txokotan. "Aurreneko probak lasai hartuko ditut. Aurtengo nire helburua ez da CTra sailkatzea, esperientzia hartzea baizik eta amaieran Challengerreko Top 20an egotea". CTra aurreneko bostak pasatzen dira. "Pixkanaka hasiko naiz, eta ikusiko dugu; hemendik pare bat urtetara, ea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide