Martxan da Lizardi Sarien 41. edizioa

Elena Marguello 2022ko apirilaren 5a

Aurtengoa, Haur Literaturari zuzendutako edizioa izango da. Lanak bidaltzeko epea uztailaren 14an amaituko da, eta irabazleak 5.500 euro jasoko ditu.

Lizardi Sariaren 40. edizioaren sari banaketa egin zuten pasa den larunbatean Modelo Aretoan, eta bertan aurkeztu zuten jada martxan den 41. edizioa ere. Urtero txandatuz joaten da haurrei eta gazteei zuzendutako literaturaren artean, eta aurtengo Lizardi Sariaren edizioan Haur Literaturari zuzenduta izango da.

Saria 5.500 eurokoa izango da, eta hemendik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako ebazpenaren ondorioz, sariak ez du atxikipenik izango. Saridunak lanarentzat argitaletxea eta ilustratzailea hitzartutakoan, Zarauzko Udalak 1.000 euro ordainduko dizkio ilustratzaileari liburuaren bikaintasuna bermatzeko.

Sariketan parte hartzeko, ondorengo baldintzak beteko dituzte literatur obrek: Haurrentzako ipuina, 7 eta 12 urte arteko irakurleentzat, 22.000 eta 34.000 karaktere bitartekoa, jatorriz euskaraz idatzita eta obrak originalak, argitaragabeak eta beste lehiaketetan saritu gabeak izango dira.

Parte hartu nahi izanez gero, lanak bidaltzeko epea uztailaren 14an amaituko da eta saridunak irailaren 30ean jakinaraziko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide