Adinekoentzat egoitza eta babestutako etxebizitzak eraikitzeko Zarauzko planak, aurrera

Elena Marguello 2022ko apirilaren 4a

Udalak behin betiko onartu ditu planak. Lanpardon Babes Ofizialeko alokairura bideratutako 25 etxebizitza eraikiko dira; Kortazarren, berriz, adinekoen egoitza eraikitzeko asmoa dute.

Udalbatzak behin betiko onespena eman zion martxoko osoko bilkuran Lanpardo eta Kortazar guneetarako Zarauzko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren aldaketari. Aldaketa proposamen horrek EAJ, PSE-EE eta EH Bildu udal taldeen aldeko 19 boto jaso ditu, eta Podemos Equo-Berdeak koalizioaren abstentzioa. "Plan Orokorraren aldaketa honek herriari onura ekarriko dioten bi proiektu garrantzitsu ahalbidetuko ditu, eta hala ulertu dute bai Udalbatzak, bai zarauztarrek, dokumentua jendaurrean azaldu den epean", adierazi du Xabier Txurruka alkateak.

Aldaketaren behin betiko onespen horrek bi gune horietarako aurreikusiak dauden proiektuak gauzatzeko aurrerapausoa suposatzen du. Lanpardo kaleko partzelan Babes Ofizialeko alokairura bideratutako 25 etxebizitza eraikitzeko lankidetza hitzarmena sinatuta dauka udalak Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailarekin. "Lanpardo partzelako 25 etxebizitza hauek, Aldapeta, Salberdin eta Iñurritza guneetan gauzatzen ari diren babes maila ezberdineko etxebizitzekin batera, Etxebizitza-Planaren barruan Zarautzen eraikiko diren babestutako 600 etxebizitzen parte dira", azaldu du Txurrukak.

Kortazarren, berriz, behin betiko onespen honekin, partzela hori ekipamendu publikorako erabilerara zuzenduko da. Aldundiarekin elkarlanean, gune horretan adinekoen egoitza eraikitzeko asmoa dute. Aldapetan Santa Ana Fundazioak izango dituen instalazio berriekin batera, Kortazarreko adinekoen zentro horrek Zarauzko adinekoentzat bideratutako beharrezko azpiegiturak indartuko ditu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide