44 erabiltzaile berri, Zarauzko udal baratzeetan

Elena Marguello 2022ko martxoaren 21a

Erretiratuen edo pentsiodunen 19 eskaerek emakida jaso dute, eta langabezian dauden 25 eskakizun onartu dira. Udal baratzeetako itxarote-zerrendan, berriz, 58 eskaera daude.

44 erabiltzaile berriri eman zaie alta, joan den urteko maiatzean udalak baratzeetako lursail berriak esleitzeko egindako zozketaren ondoren. Zarauzko Udalak adierazi duenez, une honetan erretiratuen edo pentsiodunen 19 eskaerek emakida jaso dute, eta langabezian zeudela egiaztatu zuten 25 eskakizunak onartu dira. Itxarote-zerrendan 58 eskaera daude, eta aurrerantzean libre geratzen diren lursailetara sartzen joango dira pertsona horiek, zozketak ezarritako ordena errespetatuz.

Udal-baratzeen parkea osatzen duten ia 180 lurzatietan eman den %25eko berritze-tasak ahalbidetu du esleipen berri horiek egitea. Patxi Elola udal baratzeetako zinegotzi arduraduna eta proiektuaren sustatzaileak adierazi duenez, "oso positibotzat" jotzen du urtebete baino gutxiagoan 44 esleipen berri egotea, eta erritmo horrekin jarraitzeak "erabiltzaileen berrikuntza naturala" ziurtatzen duela adierazi du.

Ildo horretan, Zarauzko udal baratzeen ereduak, 10 urteko emakidan oinarritzen denak, lursaila urtez urte kontserbatzeko aukera bermatzen du, betiere ordenantza errespetatzen bada. Urteko prezioa bost euro da, 50 euroko ordainketa bakarrarekin.

Udalak adierazi duenez, adinari erreparatuz gero, egunero baratzera joaten diren artean pertsona erretiratuak eta pentsiodunak dira gehiengoa, baina gero eta ohikoagoa da 30 urtetik beherako erabiltzaileak beren lursailak lantzen ikustea ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide