Abandonaturiko bizikletak identifikatzeko lanei ekingo die Udaltzaingoak Zarautzen

Aritz Mutiozabal 2022ko martxoaren 14a

Lehen fasean, uzitako zantzuak dituzten bizikletei pegatina gorriak jarriko dizkiete, eta bigarrenean, pegatina gorriekin jarraitzen dutenak kaletik erretiratuko dituzte.

Udaltzaingoak aste honetan ekingo dio herrian zehar abandonu zantzuak dituzten bizikletak identifikatzeari eta erretiratzeari. Azken urteetan egin bezala, kanpaina honen helburua da herrian zehar utzita dauden bizikletak erregistratzea eta kaleetatik jasotzea, bizikletak aparkatzeko toki gehiago egon dadin  eta herriko kaleen itxura hobetzeko.

Kanpainaren lehen fasean Udaltzaingoa herriko gune desberdinetan ibiliko da abandonu zantzua duten bizikletei pegatina gorri bat jartzen: Alde Zaharretik hasiko dira ikuskatzen aste honetan, eta datozen asteetan Zarauzko beste guneetara zabalduko dute behaketa. Bigarren fasean, berriz, oraindik pegatina daramaten eta toki berean jarraitzen bizikletak kaleetatik erretiratuko dituzte.

Era berean, udalak herritarren lankidetza eskatu du, eta norbere inguruan aspalditik abandonaturik dirudien bizikletaren bat ikusiz gero, argazkia eta leku zehatza udaltzaingoa@zarautz.eus posta elektronikora bidatzeko deia egin du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide