Egur Sportek antolatutako herri kirol txapelketen finalak hartuko ditu beste behin Azpeitiko Izarraitz pilotalekuak. Igande honetan, gizonen zein emakumeen Urrezko Binakako Aizkolari eta Urrezko Harri-jasotze txapelketen sei finalak jokatuko dituzte han, 12:00etatik aurrera.
Igandeko finalen xehetasunak azaltzeko agerraldia egin zuten atzo iluntzean Azpeitiko udaletxean Egoitz Arruti Kirol zinegotziak eta Luis Mari Bengoa antolatzaileen buruak, txapelen bila ariko diren kirolarietako batzuk bertan zirela. Pandemiaren aurretik Izarraitzen aforo osoarekin egin ahal izan zen azken finala Urrezko Aizkorarena izan zela, eta pandemia iritsi zenetik aforo osoarekin egingo den lehendabizikoa ere Urrezko Aizkorarena izango dela gogoratu zuen Arrutik. Bengoa, bere aldetik, itxaropentsu azaldu zen igandean kirolariek eskain dezaketen ikuskizunaren aurrean, "kanporaketak oso berdinduak" izan direlako. Guztira 21 kirolari lehiatuko dira sei finaletan eta "horietatik hamar emakumeak" izango direla nabarmendu nahi izan zuen Egur Sporteko arduradunak, emakumeak herri kiroletara erakartzeko egiten ari diren ahalegina azpimarratuz.
Txapel bat Oriora, seguru
Gizonetan, binakako 22. finala izango da aurtengoa. Lau bikote ariko dira nor baino nor txapelen bila: Hodei Ezpeleta-Ibai Soroa, Julen Alberdi Txikia IV.a-Suharri Rodriguez, Ugaitz Mugertza Mugertza II.a-Julen Gabirondo eta Joxean Etxeberria-Patxi Mindegia. Soroak Jokin Urretabizkaia Basozabalen tokia hartuko du finalean, Basozabalek min hartu duelako eskuin eskuan –atzoko aurkezpenean bertan izan zen–; iaz, Txomin Amundarainekin bikotea osatuta txapela jantzi zuen Soroak. Txikia IV.a azkoitiarra izango da eskualdeko ordezkaria final horretan.
Emakumeen aizkorako finalean, berriz, bi bikote lehiatuko dira: Nerea Sorondo eta Nerea Arruti, Laiene Pikabearen eta Irati Astondoaren kontra.
Urrezko Harri-jasotze Txapelketaren barruan lau txapel banatuko dituzte igandeko saioan, bat gizonen txapelketa nagusiarena eta hiru emakumeen lehietan: goi mailakoa, hasiberrien mailakoa eta gazteen mailakoa. Guztira bederatzi kirolari lehiatuko dira harri-jasotzeko lau finaletan, eta horietatik bost eskualdekoak dira.
Mikel Lopetegi Urra eta Xabat Olaizola zarauztarrak eta Beñat Telleria dira gizonen finala jokatuko dutenak; zortzi arroako zilindroa, kubikoa eta bola altxatzeko bi minutuko saio bana egingo dute finalistek.
Emakumeen finaletan, berriz, bina finalista ariko dira. Karmele Gisasola Zelai III.ak eta Lucia Orbek jokatuko dute maila nagusiko finala. Hasiberrien finalean Lur Errekondok eta Lierni Osa zarauztarrak neurtuko dituzte indarrak. Eta gazteen finalean txapela Oriora joango da bai ala bai, Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez baitira bi finalistak.
Sarrerak
Sarrerak igandean bertan salduko dituzte pilotalekuko txarteldegian, 25 eurotan. Aurrez gordetzeko aukera ere badago, 685 750 848 telefono zenbakira deituta.