Aritz Aranburu zarauztarra bigarren izan da Punta Galea Challenge txapelketan

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ots. 23a, 10:01

Natxo Gonzalez bizkaitarrak jantzi zuen txapela atzo jokatutako txapelketan, eta Aranburu izan zen bigarren. Iker Amatriain gazteak ere txapelketa bikaina egin zuen; finaleko txandan sartzea lortu, eta laugarren postuan geratu zen zarauztarra.

Getxoko (Bizkaia) uretan jokatu zuten atzo arratsaldean Punta Galea Challenge olatu handien surf txapelketa. Lau zarauztarrek hartu zuten parte, eta Aritz Aranburu heldu zen urrunen: bigarren postua lortu zuen zarauztarrak txapelketa entzutetsuan. Txapelduna, berriz, Natxo Gonzalez sopelarra izan zen, eta Nic Lamb estatubatuarrak osatu zuen podiuma. Bolada onean da Aranburu, izan ere, asteburuan Capitulo Perfeito tutu txapelketa irabazi zuen Portugalen. 

Iker Amatriain zarauztar gazteak ere txapelketa paregabea egin zuen Punta Galean. Finaleko txandan aritu zen lehian Aranbururekin batera, eta laugarren postuan sailkatu zen. Indar Unanuek eta Axi Muniainek ere parte hartu zuten txapelketan, baina ez zuten lortu lehen txandan aurrera egitea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide