Joan den udan sortu zuten Zarauzko Emakumeen* Etxeko Mahaia eta harrezkeroztik, partaidetza organo hori osatzen duten emakumeak lanean dihardute berdintasuna ikuspuntu feminista batetik lantzen. Azken hilabeteetan, taldeak lau bilera egin ditu eta hainbat ekintza antolatu dituzte datorren asterako.
Horietan lehenengoa 'Adineko emakumeenganako indarkeria' hitzaldia izango da. Otsailaren 15ean izango da, 19:00etan, udaletxeko Pleno Aretoan. Hitzaldi honekin "arazo larri bat ikusarazi" nahi dela adierazi dute Mahaiko kideek. Helburua indarkeria matxistak adineko emakumeengan duen eragina eta bere ezaugarriak aztertzea izango da. Halaber, hura hautemateko eta emakumeen ahalduntzea bultzatzeko gakoak azalduko dira. Indarkeria sinbolikoaz eta gure gizartean adineko emakumeenganako dagoen begiradaz ere hitz egingo da.
Bigarrena, aldiz, Emakume Artistak ezagutzen ekimena izango da. Bi erakusketa bisitatuko dituzte, bata Arte Ederren museoko 'Ikuspuntuak', eta bestea Bilboko Guggenheim museoko 'Emakumeak abstrakziogile'. Otsailaren 19an izango da, 9:30ean Suhiltzaileen biribilgunean elkartuta.
Lehenengoak museoaren bildumako zortzi lani beste begirada bat ematen die genero ikuspegitik. Margolan horietan emakumeak dira protagonistak, baina gizonezkoen ikuspegitik sortu dira. Oraingo honetan, 16 emakumek lan horiei buruzko gogoeta egingo dute, besteak beste, Karmele Jaiok, Izaskun Landaidak eta Isabel Herguerak. Museoak ikus entzunezko baliabideen bidez jaso ditu haien ekarpenak. Horrela, beste interpretazio bat egitera gonbidatzen dituzte bisitariak, begirada berritzaile batetik.
Bigarrenak, aldiz, XX. mendean emakume artistek abstrakzioari egin dizkioten ekarpenak azaltzen ditu, eta artista horiek ikusezin bihurtzeko prozesua ere erakusten du erakusketak.
Izena emateko azken eguna otsailaren 17a izango da, eta Emakumeen* Etxean bertan, 943- 00 51 36 telefonora deituta edo emakumeen-etxea@zarautz.eus helbidera idatzita egin daiteke.
Herriko emakumeen ordezkaritza
Mahaia eratzeko prozesuan Zarauzko emakumeen elkarte guztiei luzatu zitzaien gonbidapena eta, gaur egun 11 emakumek osatzen dute Emakumeen* Etxeko Mahaia, herriko hainbat talderen ordezkari bezala.
Gloria Vazquez parekidetasun zinegotziak azaldu duenez, "helburua emakumeentzako gune bat eskaintzea da, berdintasunean aurrera egiteko, ahalduntzeko, indarkeria matxistari aurre egiteko, ahizpatasun-sareak sortzeko eta feminismotik gogoeta egiteko”.